Zenigaonaindia: “Olio hondakinak erabilita biodiesela ekoiztu daiteke, kudeaketa publikoaren bitartez”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 30a, 09:00

Oier Zenigaonaindia Santos | Energia berriztagarrietan ingeniaria | Durango, 1990

Durangaldean erabilitako olioa batu eta hori biodiesel bihurtzeko proiektua landu du Oier Zenigaonaindia ingeniari gazteak —­Kristina Peña izan du zuzendari­—, eta ikasketa bukaerarako lana zenagaz aurrera egiteko aukerak ikusten ditu. Egindako kalkuluen arabera, “urtean 300.000 litro olio batuko genituzke Durangaldean, eta 325.000 litro biodiesel lortuko genituzke”. Lodosan bizi da orain dela bi hile.

Auzo eta herrietan erabilitako olioagaz biodiesela egitea. Hori da zuk egindako proposamena. Nola da hori?
Energia-eraginkortasunak eta sortzen dugun zabor kopuruak beti arduratu naute; kontsumitzen dugun guztia optimizatzea nola lortu. Horregaz lotuta, erabilitako olioagaz zerbait egitea pentsatu nuen, hondakin bat denez gero, ahalik eta gehin aprobetxatzeko, eta, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko.

Nola ekoiztuko zenuke biodiesel hori?
Ahalik eta oliorik garbiena lortzeko, iragazi egingo genuke. Transesterifikazioa erabiliko genuke gero: olioa kate laburreko alkohol bategaz  —etanolagaz edo metanolagaz— nahastuko dugu, eta erreakzioa bizkortzeko, katalizatzaile bat erabiliko dugu. Soda kaustikoa, adibidez. Xaboia egiteko berdin egingo genuke, baina alkohola beharrean ura erabilita.

Hau guztia aurrera eramateko aukera dago Durangaldean?
Hiri hondakinen kudeaketa publikoa egiten den moduan, zergatik ez planteatu erabilitako olioaren kudeaketa publikoa ere? Hasieran, etxean erabilitako olioagaz norberak biodiesela ekoizteko proposamena nintzen lantzeko, baina ez nion zentzurik ikusten. Urtean bost litrora baino ez ginateke helduko-eta. Gaiari tiraka hasi ginen, eta bideragarria zela ikusi genuen. Durangaldean sortzen diren olio hondakinak erabilita biodiesela ekoitzi daiteke, horretarako kudeaketa publikoa erabiliz. Hori da planteatzen duguna.

Biodiesela ekoizteko, olio birziklapen planta sortzea proposatzen duzue proiektuan?
Bai. Mallabienan (Iurreta) pabilioi bat hartzea, eta bertan lauzpabost biltegi jartzea planteatzen dugu; behar dugun erreakzio kimikoa sinplea da. Egindako kalkuluen arabera, urtean, 300.000 litro olio batuko genituzke Durangaldean —Durango, Zornotza, Ermua, Abadiño, Elorrio, Berriz, Iurreta, Zaldibar, Atxondo, Otxandio, Mallabia, Mañaria, Garai eta Izurtza—, eta horregaz 325.000 litro biodiesel lortuko genituzke. Horretarako, 400.000 euroko hasierako inbertsioa aurreikusi dugu, pabilioia eta furgoneta bat erosteko, eta langile bi kontratatzeko.

Herri handi zein txikietan bideragarria dela uste duzu?
Bai. Helburua proiektuan herri handi eta txikiak sartzea da, eta inbertsioari denen artean aurre egitea. Halaber, herri bakoitzak batutako olio kopuruaren arabera jasoko luke ekoiztutako biodiesela berriz erabiltzeko. Hondakinen kudeaketaren zati batean aurreztuko lukete —ez luketelako kanpoko enpresa bat kontratatu behar—, eta diesel gastuetan ere aurreztuko lukete, gutxiago kontsumituko genukeelako. Gure proiektuan biodiesel litroa 41 zentimoan ekoizten da. Helburua ez da etekinak edo produktu bat lortzeko enpresa bat sortzea.

Diesela ordezkatzeko litzateke biodiesela, ingurumenagaz askoz iraunkorragoa dena.
Hori da. Ordezkatzeko edo osagarri lez erabiltzeko. Kontsumitzen dugun diesel guztia ordezkatzeko nahikoa biodiesel lortzen ez bada ere, zati baterako lain izango dugu behintzat. Horixe da helburua, ingurumenagaz askoz iraunkorragoa delako, energia berriztagarriak sustatzen direlako eta abar.

Horretarako, ohitura aldaketak eman behar dira?
Maila indibidualean eskuragarri dagoen ala ez da kontua, erosoen zaiguna egiten dugu. Orain urte batzuk modan ipini zen biodiesela, baina gero eta gutxiago entzun eta erabili da. Badaude biodieselean sinesten ez dutenak ere, beraien kotxean biodiesela erabiltzerik ez dagoela diotenak. Gezurra da. Gasolindegietan botatzen dugun dieselak biodiesela ere badu nahastean. Interesak daude atzean.

Udalen eta herritarren konpromisoa ezinbestekoa litzateke?
Kudeaketa publikoa planteatzen da. Beraz, herritarren artean harrera ona izatea eta udalak inplikatzea ezinbestekoa da. Udalek herritarrak inplikatu behar dituzte auzolanean aritzera, harri-koskor bat jartzera. Gainera, denon onurarako izango litzake: aurreztu egingo lukete udalek, eta herritarren onurarako neurriak hartzeko aukerak lituzkete, adibidez, zaborren zerga jaitsi. Ekonomia zirkularra bultzatzeko era da.

Mankomunitatera jo duzu. Zelako erantzuna izan duzu?
Interesgarria iruditu zitzaien, nahiz eta hutsuneak ikusi. Hala ere, esan ziguten olioaren kudeaketa udal bakoitzak daramala. Durangoko Udalera ere jo dut. Horrek proiektua babestuz gero, herri txikiagoak inertziaz batu daitezkeelako. Durangaldeko herri guztiek parte hartzeak proiektuari indarra emango liokeela esango nuke, hondakinen gaian sortutako gerra politikoan traba bat gailentzea lortuz. Hainbat koloretako udalak daude eskualdean, eta denek proiektuagaz bat egiteak beste toki batzuetan ere bideragarri izatea erraztuko luke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!