Euskaldunon eta sexuaren inguruko zazpi esketxek osatzen dute Eingo al deu? obra. “Antzezlan oso freskoa da, eta hainbat pasartetan identifikatuta sentitzen zara”, azaldu du Markel Ganboa taldekideak. Euskaldun berri baten eta euskaldun zahar baten arteko harremanean hizkuntzari lotuta sortzen diren egoerak, tradizioak euskaldunongan duen eragina, maite-afera birtualak, lagun baten sexualitateari buruz koadrila batek duen solasaldia... dira, esaterako, obrako egoeretako batzuk.
“Antzezlanean agertzen diren egoerak egunerokotasunekoak dira, baina muturrera eramandakoak”, Ganboaren berbetan. Azaldu duenez, baina, badaude obran “topikoetatik atera eta publikoari beste ikuspegi bat ematen saiatzen garen beste pasarte batzuk”.
Eingo al deu? lanaren sinopsian, “hartu arnasa eta askatu gerrikoa” diotso taldeak ikusleriari. “Jesarri eroso, sexuaz hitz egitera goaz eta”, dio Ganboa aktoreak, “eta egon prest hainbat pasartetan zuen buruak islatuta ikusi eta barre egiteko”.
Kepa Gallegok idatzi zuen eta 2005ean Serantes saria jaso zuen testua oinarri hartuta prestatu du Atara Zarata taldeak Eingo al deu?. Gallegoren gidoi originalekoei, gainera, hainbat pertsonaia gehitu dizkiete Atara Zaratakoek. Bakoitzak hainbat pertsonaia antzeztuz, honako aktore taldea agertzen da oholtzan, Eingo al deu? obran: Markel Ganboa, Iker Villa, Peio Velasco, Iker Garate, Iratxe Urkiaga, Yeray Gomez eta Ane Moreno. Julene Bernaolak dihardu, bestalde, zuzendari lanetan.
19 eta 29 urte arteko lan taldea da Atara Zarata taldea osatzen duena. 2011n taldea sortu zutenetik hainbat lagun igaro da taldetik, eta Markel Ganboa eta Julene Bernaola dira hasieratik dihardutenak. Lan honetarako, Durango, Barakaldo, Izurtza eta Bilboko kide berriak batu zaizkie Ganboari eta Bernaolari.
Biharko Platerueneko estreinaldirako gogotsu daude Atara Zarata taldeko kideak, eta oso eskertuta antzezlan hau aurrera ateratzen lagundu dieten guztiei. Bereziki, Durangoko kultur eragileek eskaini dieten babesa baloratzen dute.