Fran Garateren auzia

Garateri dimititzeko eskatu dio udalak, tentsioz betetako bilkura batean

Markel Onaindia 2017ko mar. 28a, 19:57

EH Bilduk aurkeztutako mozioa Herriaren Eskubideak babestu du, eta EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira. Plataforma Feministak deituta, hainbat herritarrek protesta egin dute, eta bilkura birritan eten dute. Garateren mozioaren ostean, azkenean, bertan behera geratu da bilkura. Sexu abusu saiakera salaketa bategatik atxilotu zuten Garate; epaileak artxibatu egin zuen, baina emakumeak errekurritu egin zuen gero. 

Aspaldiko giro beroena izan da gaur Durangoko osoko bilkuran. Feministek protesta egin dute Garatek berba hartu duen bakoitzean; batzuetan kartelak erakutsita, beste batzuetan txistu eginez, bestetan lepoa emanda. Bere dimisioa eskatzen zuen mozioa lantzean, emakume batzuk zinegotzien artera hurreratu eta Garateren aurrean ipini dira. Handik ospa egiteko exijitu diote, eta "erasotzaile" deitu ere bai besteak beste. Garate, baina, ez da aulkitik altxatu. Beste zinegotzi batzuk bai, alkatea tartean, eta bilkura eten da minutu batzuez. 

EH Bilduren mozioak aurrera egin du, eta dimititu ezean, PPri Garate kargutik kentzea eskatu diote. Badirudi zinegotziak ez duela horretarako asmorik.

"Ezin da gehiago luzatu"
Rosa Mintegik (EH Bildu) irakurri du mozioa. Hasieran liberazioa kentzea proposatu behar zuen koalizioak, baina feministekin adostasuna topatu guran, dimisio eskaerara aldatu du. Garateren auzia "ezin da gehiago luzatu" bere ustez. "Salaketa eta atxiloketa bat nahikoa dira ordezkariek erantzun irmoa emateko. Bestela, hurrengoan, ez dute balioko".  Biktimari babesa erakutsi dio, eta adierazi du horrela egingo dutela salaketa jartzen duten emakume guztiekin. Julia Pereraren (Herriaren Eskubidea) berbetan, "etika pertsonaleko kontua da", eta pauso bat atzera ematea eskatu dio Garateri. 

Goiztidi Diazek (EAJ) esan du udalak beti protokoloa aktibatzen duela erasoren bat gertatzean, eta hala egin zela Garateren auzian. "Beti biktimagaz" kokatzen direla gogoratu du. Pilar Riosek ere azaldu du "udala biktimagaz solidarizatu" dela, eta "exenplua eman behar" duela ere bai. 

Garatek esan du "eraso saiakerarik ez" zela egon bere aldetik, eta indarkeria sexista gaitzesten duela. "Ez nabil epaitua izaten epaile bategatik. Epaitua sentitzen naiz herritar talde txiki bategatik". Bereganako "irainak" salatu ez izana ere kritikatu die gainerako alderdiei. 

Pilar Riosekin haserre
Bilkura amaitzean, Plataforma Feministakoek mezu bat irakurri dute. Garaterena "kasu larria" dela ohartarazi dute, eta ez dute begi onez ikusi EAJ eta PSE-EEren jarrera. "Ez dira konprometitu sinatutako gauzekin". Rios alkateordea feminista da, eta haserre daude beragaz. "Pilar Rios gure kidea da borroka honetan, eta lotsagarria da abstenitu izana", adierazi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!