Oinazea ariman daramate biek, eta seme gaztearen hutsunea bihotzean. Azken urtebetean, bizipoza ekarri dien Isaac Tawo 3 urteko ume togotarra dute etxean; osasun arazo bategatik etorri zen hona, Gizakien Lurra Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez.
“Inor ez dago prest seme bat galtzeko. Osteko egun bakoitza aurrekoa baino gogorragoa zen, gero eta gehiago kostatzen zen jaikitzea. Hutsune handiegia geneukan, eta, terapiaz aparte, zerbait egin behar genuen”, azaldu du aitak. Bikotearen lagun bat dabil lanean GKE horretan, eta umea denboraldi batez hartzeko aukera suertatu zitzaien.
Ebakuntza, egina
Bere anaia nagusia lez (hil egin zen), Isaac uzki barik jaio zen, eta poltsa ipini zioten. Euskal Herrian, uzkia berregin diote bizitza normalagoa egin dezan. Ricardo eta Kontxirenean hartu du babes, eta San Antonio-Santa Rita ikastetxean egin ditu lagunak, baita euskara ezagutu ere.
Umea uda inguruan bueltatuko da Togora. “Argi dugu aita eta ama itxaroten dituela, eta sufritzen daudela”, dio Ricardok. Solasaldian zehar, bere gurasoen argazki bat erakutsi diote Isaaci.
“Esperientziagaz oso pozik nago, ez naiz damutzen. Denbora batera beste bat ekartzea ez dugu baztertzen”, dio Kontxik. Gizonak dio munduarekiko “pentsaera aldatzea” ekarri diela esperientziak.
Alesander ez dute ahazten, ezta ahaztu gura ere. Bera harro oroitzen dute, Isaac txikiaren bizipozean.