Athleticek eta Oiartzunek Durangon jokatuko dute Euskal Kopako finalerdia

Anboto 2017ko mai. 19a, 16:00

Kike Zurutuza, Pilar Rios, Aitziber Irigoras eta Jose Maria Andres gaurko prentsaurrekoan.

Partidua Tabira futbol zelaian izango da maiatzaren 28an, 12:00etan, eta sarrera doakoa da.

Finalerdi horretako irabazlea abuztuaren 26an Elgoibarren jokatuko den finalerako sailkatuko da. Luzapen bako partidua izango da eta partidua berdinketagaz amaitzen bada, penaltiek erabakiko dute irabazlea. Bertaratzen direnenen artean bi lagunentzako afaria zotz egingo dute.

Emakumeen Euskal Kopak zazpigarren aldia du aurten Euskal Herriko sei talderik onenekin. Euskal Herria Kirola da antolatzailea, Euskadiko federazioaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Durangoko Udalaren laguntzarekin. “Euskal Herria Kirola 2009an sortu zen Euskal Herri mailako kirol egiturak eta ekintzak bultzatzeko eta harrezkero egin ditugun ekintzetatik inportanteena Emakumeen Euskal kopa da”, azaldu du Euskal Herria Kiroleko arduradun Kike Zurutuzak.

Gaurko aurkezpen ekitaldian Aitziber Irigoras alkateak, Jose Maria Andres udaleko kirol arloko arduradunak eta Pilar Rios berdintasun arloko ziengotziak parte hartu dute. Emakumeen kirola sustatzearen garrantzia azpimarratu du Irigorasek “askotan bigarren mailan” geratzen delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!