San Juan Momoitiorako igoerari eutsiko diote aurtengo Durangoko Klasikoan

Joseba Derteano 2017ko mai. 15a, 15:30

Iaz Durango-Durango Emakumeen Saria klasikoko ibilbidean Garaiko San Juan Momitiorako igoera gehitu zuten. Bide bazterrak ikuslez bete ziren, txirrindulariak bizikletan aldapan gora oker-oker eginda ikusteko. Ikuskizun handia eskaini zuen igoera izan zen, eta aurten errepikatzea erabaki dute Duranguesa elkarteko antolatzaileek.

Juan Mari Balierren oroimenezko klasikoa 15:00etan hasiko da, martitzenean, Ezkurdin, eta toki berean izango du amaiera, Annemiek Van Vleuten faborito nagusia dela.

Bira hasiko da
Klasikoaren biharamunean, eguaztenean, Emakumeen Bira hasiko da Iurretan. 16:00etan hasita, Durangaldeko hainbat herri (Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz eta Zornotza) zeharkatuko ditu lehenengo etapak.

UCI mailako 19 taldeetako bat eskualdekoa da: Bizkaia-Durango. Agurtzane Elorriagak zuzendutako taldeak Mavi Garciarentzat lan egingo du. Iaz 17. tokian amaitu zuen, eta aurten hamar onenen artean sartzen saiatuko dira. Aurtengo ibilbidea Palmako txirrindulariaren dohainentzat egokia dela uste dute. Etapa garaipenetarako, Lorena Llamas da beste aukera bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!