Igor Bernas: “Mendia afizio izan dut urte askoan, eta Kanadan ofizio bihurtu dut”

Aitziber Basauri 2017ko mai. 13a, 10:30

Kanadan hamar urte egin ostean, Durangon beste abentura bati ekin guran iritsi berri da Igor Bernas (Durango, 1981). Duela gutxi, Mendi Harritsuetan elur-jausi izugarri baten lekuko ere izan zen, lagun batzuekin batera. Icefall Lodgen (Kanada) jardun du lanean azken urteetan, mendiko eskia eta heli-eskia egiten.

Hamar urte egin dituzu Kanadan. Zerk eroan zintuen hara?
Abentura grin apur batek. Ikasketak bukatuta, bidaitzeko, eskalatzeko, eskiatzeko nuen gogo horrek. Lanerako, ingelesak ere garrantzi handia zuen. Beti izan dut Kanada buruan eta joateko momentua ikusi nuen.

Kanada zabalak ez du zerikusirik Euskal Herriagaz...
Ez, itzela da Kanada. Dena oso hurbil dugu hemen. Aldiz, Kanadan oso ohikoa da egun edo asteburu pasarako, autoan 12 ordu egitea, joan-etorrian. Oso handiak dira distantziak. Revelstoke —Kanada mendebaldea— herrian bizi izan naiz ni, eta handik hurrengo herrira joateko, adibidez, ordu eta erdi behar duzu. Mendi ingurua da.

Oso isolatuta dago?
Bai, baina bere xarma du. Mendian galduta sentitu zaitezke batzuetan, baina natura zugaz duzu han. Oso jende gutxi bizi da han, oso-oso lasaia da.

Zerk eman dizu atentzioa?
Kanada naturagaz lotzen da asko. Inguru oso basatia da. Hartzak, oreinak... denetariko animaliak daude, eta ingurua zapaldu gabea da. Badaude bide batzuk, baina, handik apur bat irtenda, guztiz galduta sentitu zaitezke, ez duzu inor ikusiko. Noranzko berean 500 edo 1.000 kilometroan ez dago ezer: mendia eta basoa. Kanadiarrak irekiak dira, oso jatorrak, arin konektatzen da haiekin, baina kultura estatubatuarra dute. Denbora behar da ondo ezagutzeko. Klimak ere eragina du, baina ez dute guk hemen dugun kaleko bizimodua. Hala ere, askotariko herrialdea da.

Kultura anitz batzen ditu?
Bai. Revelstoke 8.000 biztanleko herria da, baina oso isolatuta dago. Vancouber edo Calgarygaz alderatuta, hango bizimodua oso desberdina da. Ingelesa erabiltzen dute gehien, baina ekialdean frantsesez egiten dute. Quebec-en, adibidez. Kulturalki agian hurbilago zaigu hori. Urte bi eta erdi Montrealen bizi nintzen. Yukon eta Alaska ere bisitatu ditut.

Anbotoko mendizerragaz zerikusirik ez dute Mendi Harritsuek...
Desberdina da. Mendi Harritsuak ez dira hain altuak, ez dira 4.000 metrotik pasatzen. Baina inguru oso basatia da. Aitzindari haiek sentitu zutena sentitzeko aukera duzu; esploratzaile haien sentsazio berdinak sentitzekoa. Ez dago beste ezer; norbera eta animaliak. Kanadatik heldu eta hurrengo egunetan Anboto eta Gorbeia igo nituen. Bakoitzak bere xarma du.

Elur-jausi ikusgarriaren lekuko izan zara Mendi Harritsuetan. Nolakoa izan zen?
Bai. Ohituta nago elur-jausiak ikustera, baina lehenengoz ikusi dut hain handia eta hain hurbil. 100.000 metro kubiko elur jausi zen, hamar minutuan. Gu baino beherago zegoen ibaian presa naturala sortu zuen. Gu 1.000 metro ingurura geunden, eta sorpresaz hartu genuen. Zarata entzun, eta lagunei esan nien. Urrunera laino moduko bat ikusi genuen lehenengo. Elur-jausia 2.600 bat metrora sortu zen. Horrek eta hain handia izateak harritu gintuen. Bidetik aterako ez zen elur gogorra zela ikustean hurbildu ginen.

Grabatu zenuten lekukotza asko zabaldu da.
Bai, gainera hori aztertzeko interesa sortu da. Aukera gutxi daude halako elur-jausi naturala horren hurbiletik grabatzeko. Erabilera didaktikoa emateko aukera ere sortu da. Eguraldi onagaz, udaberrian... ere gerta daitezkeela ohartzeko, kontzientziatzeko balio dezake.

Zer da zuretzat mendia?
Afizioa izan dut urte askoan eta Kanadan ofizio bihurtu dut. Urtebeterako joan nintzen, baina oso ondo integratu nintzen eta bila ibili barik etorri zen dena.

Geratzeko etorri zara.
Bai. Esperientzia oso ona izan da, asko bete nauen abentura itzela, baina ziklo bat bukatzeko unea zela ikusi nuen, beste abentura bat hasteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!