Urrian estreinatu zituzten antzezlanaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak, Vaivén Teatroren eskutik, eta arrakasta handiko bira eskaini dute ordutik. Durangoko San Agustingo biharkoa izango da Sagardoyk eskainiko duen obra horren azken emanaldia; beste hainbat proiektutan jardungo da aurreratzean.
“Itzela izaten ari da”, dio Torregrosak, orain arteko biraz galdetuta. “Gutxitan gertatzen den bezala, hainbat elementu elkartu dira zerbait oso berezia sortzeko. Ederra da esku artean daukaguna; istorioa ikaragarria da, eta sekulakoa lan taldea”. Torregrosak adierazi du “pertsona hobea izaten” gehien lagundu dion pertsonaietako bat dela obra honetakoa.
Pertsonaia ahaztezina
II. Mundu Gerran umezurztegi batean kokaturiko istorioa da Azken trena Treblinkara, eta pertsonaia erreal baten azaletik dihardu Madrilen bizi den Alfonso Torregrosa durangarrak: 1942an Varsovian ume juduentzako umezurztegien zuzendari izan zen Janusz Korczak mediku eta pedagogoa da Torregrosa. Antzezten duena pertsonaia erreala izateak asko markatu duela dio Geroa antzerki taldeko kidea izan zen Torregrosak: “Pertsonaia gutxigaz gertatzen den moduan, berari buruz pentsatzeari utzi ezin diozun gizon bat izan zen Korczak”. Hain zuzen ere, hari omenaldia ere izan gura du antzezlanak.
Eneko Sagardoy 22 urteko Daniel da antzezlanean. Korczakek zuzentzen zuen umezurztegiko pedagogia humanistaren eta errealitatearen arteko koherentzia eza bistaratzen du Daniel pertsonaiak. Sagardoyk adierazi izan duenez, izan duten erronkarik handienetako bat sufrimendu hartara ahal beste hurbiltzea izan da, errealitate hura ikusleei ahalik eta ondoen helarazteko.
Alfonso Torregrosa, Jose Ramon Soroiz eta obrako gainontzeko aktoreekin lan egitea ikasbide handia izan dela azpimarratu du Sagardoyk. “Hau bezalako bederatzi aktoreko ekoizpen handi batean parte hartu ahal izatea oso aberasgarria izan da”, gehitu du.
Ikusleen bidaia
Ikuslea istorioaren barruan dago Azken trena Treblinkara antzezlanean, eta Torregrosak dioenez, “bakoitzak bere kokapenetik biziko duen obra bakarra izango da”. Korczakek zuzentzen zuen umezurztegiko literetan eta mahaietan jesartzen da publikoa —genozidio hura pairatu zuten umeen izen-abizenak daramatzate literek—.
“Emanaldi baten ostean, lagun batek esan zidan sekula ez zuela ikusi hainbeste jende aldi berean negarrez; eta horrenbeste jendez inguratuta, lehenago ez zuela inoiz emanaldian bezala negar egin ”, dio Torregrosak. “Oso gogorra izan arren, baina, badago, nire ustez, ongizate sentsazio bat obra hau ikusi ostean. Ez poztasunagaz lotzen dugun ongizate mota hori, baizik obra ikustean sentitutakoagaz gustura egotetik eratortzen dena”.