Gure Esku Dago

Durangon 2.000 lagunek botoa eman dute dagoeneko

Anboto 2017ko mai. 7a, 13:45

Gure Esku Dagok Euskal Herriko 52 herritan galdeketak egiten dihardu. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Durangoko Ezkurdin egin du ekitaldi orokorra. Aurretik galdeketak egin dituzte herrietako eta Kataluniako ANC-ko presidentea bidelagun izan dituzte. Aurkezpen horretan, 12:00ak arteko parte-hartzearen datua  aurreratu dute. 30.000 pertsonek botoa eman dute dagoeneko (%12). Durangoren kasuan, ordu horretarako 2.000 herritarrek eman dute botoa (%10). 

Aurretik galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariek bat egin dute Durangoko ekitaldiagaz (Ispaster, Dima, Arrigorriaga, Busturialdea, Hernani eta Etxarri-Aranatz). 2014an lehenengo galdeketa Etxarri-Aranatzen egin zutela gogora ekarri du Nerea Iriarte ekitaldiaren gidariak. Manu Gomez herri horretako Gure Esku Dagoko kideak ere ekitaldian parte hartu du. Ondoren, Jordi Sanchez Kataluniako ANC-ko presidenteak hitza hartu du. Sanchez begirale legez etorri da Euskal Herrira, eta galdeketa hau "berme guztiekin" egiten ari direla azpimarratu du. 

Anjel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikaren ordezkariek hurrengo erronka ekainaren 10ean Bilbon izango dela aurreratu dute. "Galdera ikur erraldoia osatuko dugu Euskadi Plazan hasi eta Plaza Eliptikoan amaituko den mosaikoan.Mobilizazio nazional honetan aurkeztuko dugu Herritarron Ituna; euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoa; erabakiaren bidean ate berriak zabaltzeko jaio den tresna".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!