Durangoko musika eskolan biolontxelo ikasketak egiten dabiltzan 30 ikaslek parte hartu dute ikuskizunaren sorreran, eta biharko emanaldian, bakarka, binaka zein orkestran arituko dira. Musikal formatua dauka ikuskizunak, eta biolontxeloa jotzeaz gain, besteak beste, eszenatokiaren dekoratuaz ere arduratu dira ikasleak.
Musika eskolako arduradunek prentsa ohar batean azaldu dutenez, biolontxeloko gelan sortutako proposamen batetik jaiotako proiektu pedagogikoa da biharko emanaldia azken emaitzatzat daukan hau. Arduradunen berbetan, bi helburu hauekin abiatu zuten ekimena: “Batetik, biolontxelorako gaur egungo errepertorio dibertigarri bat osatzea, eta, bestetik, maila eta adin guztietako ikasleak” elkartuko zituen proiektu “integratzailea” gauzatzea.