Ezkurdi balentria egiteko prest dago Euskal Ligara igotzeko

Joseba Derteano 2017ko mai. 4a, 09:57

Ezkurdi futbol taldea Euskal Ligara igo daiteke zapatuan. Horretarako, balentria bat behar dute, baina lortu dezaketela konbentzituta daude. Derio liderrak bisitatuko du Tabira zapatuan, 15:30ean. Hiru puntuko aldea dago bien artean, eta durangarrek lau goleko aldeagaz irabazi behar dute.

Lan gaitza da, Derio golik gutxien hartu duen taldea dela kontuan hartuta, baina erronka horri heltzeko kapaz den talderik baldin badago, hori Ezkurdi da. Jokatutako partiduen %80 lau goleko edo hortik gorako abantailagaz irabazi ditu, eta bigarren itzuli osoan ez du partidurik galdu: berdinketa bat kenduta, gainerako denak garaipenak izan dira. “Inork egitekotan, geuk egingo dugu. Lehenengo zatian golen bat sartu eta gure atea hutsik mantentzen badugu, hortxe-hortxe ibiliko gara. Gaitza da, bai, baina ez ezinezkoa. Taldeak badaki lortu daitekeena, inork ez du uste ezinezkoa denik”, dio baikor Julen Bedoya taldeko entrenatzaileak. “Hasieratik jo eta su irtengo gara, dugun dena emanda, ez dago besterik. Sasoi betean gaude, golak behar ditugu eta horretan saiatuko gara”, aurreratu du.

Lesioak, karga astuna
Iazko urte amaieran lesioak karga astuna bihurtu ziren Ezkurdirentzat. Hein handi batean, horren ondorioa izan zen Derion 4-0 galdu izana. Hamabi jokalarigaz bakarrik joan ziren, eta eurentzat ohikoa ez den postuetan jokatu behar izan zuten askok: aurrelariak erdilari, hegalekoak aurrelari… Hala ere, partiduaren hondarrera arte punturen bat batzeko aukerak izan zituzten. Zapatuko neurketa ere azken minutura arte borrokatu beharreko final bat izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!