Literaturak 250 lagun elkartuko ditu Durangoko Plateruenean

Itsaso Esteban 2017ko mai. 2a, 09:53

Sei orduz, etenik barik jardungo dira 250 herritar bidaiei buruzko literatur lanak irakurtzen.

Durangoko Plateruenak euskal literatura jendarteratzea helburu duen Hitzez eta Ahotsez ekimenaren laugarren edizioa amaitzeko jaialdia hartuko du,  barikuan. Aurreko hiru urteetan bezala, sei orduko jendaurreko irakurraldi bategaz emango dute ekimena amaitutzat. 18:00etatik gauerdira arte, 250 lagun igoko dira Platerueneko oholtzara literatura errezitatu zein kantatzera.

Bidaia izan da laugarren Hitzez eta Ahotsez literaturzaleen ekimenean hartu duten gaia, eta bidaien inguruko testuak izango dira maiatzaren 5eko ekitaldiaren ardatza. Hainbat idazlek argitara emandako poema zein narrazioak irakurriko dituzte parte hartuko duten herritarrek. Karmele Igartuak, Felipe Juaristik, Castillo Suarezek, Kattalin Minerrek, Pako Aristik edo Harkaitz Canok idatzitako pasarteak hartuko dituzte ahotan, esaterako. Gainera, beraien lanak ezagutzera emango dituzte izena eman duten hainbat sortzailek.

Talde anitza osatuko dute ekitaldian parte hartzeko izena eman duten herritarrek, bai jatorriari, adinari eta baita ideologiari dagokionez ere. 15 eta 85 urte arteko partaideak izango dira irakurraldian. “Denentzat egongo da lekua Platerueneko teilatupe zabalean”, azpimarratu du Hitzez eta Ahotsez antolatzen duen taldeko Marisa Barrena durangarrak.

Durangaldeko herri guztietako irakurleei, Bilbotik, Eibartik eta Gasteiztik etorritakoak batuko zaizkie, eta aurten, lehenengoz, Arratiako ordezkaritza bat ere arituko da. Aurreko urteetan bezala, euskara ikasten zein irakasten dabiltzan hainbat lagun ere badabiltza ekitaldirako irakurketa entseatzen.

Ekimen herritarra da Hitzez eta Ahotsez, eta sei lagunek antolatzen dute. Hainbat norbanakok eta eragilek kolaboratzen du seikote horregaz, eta horiei guztiei esker ona adierazi diete antolatzaileek.

Otsailean hasi zuten Hitzez eta Ahotsez ekimenaren laugarren edizioa, eta hainbat idazleren lanak berbagai hartuta beste bi solasaldi dialogiko egin dituzte ordutik hona.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!