Fran Garateren auzia

Sexu abusuengatik salatutako zinegotziari ez dio liberazioa kenduko Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2017ko api. 25a, 19:40

Hainbat herritar bertaratu dira gaur ere protesta egitera.

EH Bilduk aurkeztutako eskaera Herriaren Eskubideak babestu du soilik; EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. Hainbat herritar bilkurara joan dira berriro protesta egitera, eta PPko zinegotziaren hitzartzeetan sortutako zaratengatik, 15 minutuz batzarra gelditu du alkateak.

Garateri dimititzeko eskaria egin zion udalbatzak martxoko osoko bilkuran, baina zinegotziak ez du kasurik egin. Horregatik, liberazioa kentzeko proposamena aurkeztu du EH Bilduk. "Ezin dugu beste aldera begiratu. Garate hemen egotea ez da 'zero tolerantzia'", esan du Dani Maeztuk gainerako alderdiei gonbitea eginez. Ohartarazi du udalak indarkeria matxistaz egiten dituen adierazpenak "antzuak" izango direla Garatek udalean jarraitzen duen bitartean. Aurrerantzean, koalizioak ez du kontuan hartuko PPko kidea. "Guretzako, hemendik aurrera 20 zinegotzi [21 dira berez] gaude udalean", esan du Maeztuk. 

Julia Pereraren ustez (HE), epaileak auzia argitu bitartean Garatek atzera egin behar luke. Baina egin ezean, "udalak duintasunagatik ordezkatu behar" duela dio. 

Ardura, PPrena
Gobernuko taldeek aurka bozkatu dute -dimisio eskaera egunean abstenitu egin ziren-. EAJk ez du berba hartu botoa arrazoitzeko. Pilar Ríosen (PSE-EE) iritziz PP alderdiak dauka egoeraren erantzukizuna, ez beste alderdiek. Oposizioaren kritiketatik defendatzeko, adierazi du udalak gaia salatu zuela bere momentuan, eta protokoloa ere aktibatu zuela. Gainera, teknikoki liberazioa kentzea "ez da posible" bere arabera. Horri erantzunez, "udal teknikarien atzean ezkutatzea ez da zilegi" Maezturen ustez.

Garatek berriro ere ukatu egin du akusazioa, eta EH Bildu eta alkatea kritikatu ditu gainera. Koalizioa, bere aurkako mozioak aurkeztearren, eta alkatea, aurreko osoko bilkurako zalapartaren gestioagatik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!