Koalizioaren ustez, "gertatutakoa nahikoa izan beharko litzateke zinegotzi horrek berak, etika eta duintasunagatik, azalpen publikoak eman eta dimisioa aurkezteko". Ez duenez dimititu, liberazioa kentzea eztabaidatuko dute orain; osoko bilkurak dauka liberazioen inguruko gaiak lantzeko eskumena. "Berak egin ezean, Durangoko osoko bilkurak bai bermatu behar duela durangarrok ordezkatzen gaituen erakundearen duintasun etikoa eta dezentzia, eta emakumeen defentsa tinkoa", uste du EH Bilduk.
Bere etxean lan egiten zuen emakume batek ipini zuen Garateren aurkako salaketa, eta atxilotuta egon ostean, epaileak artxibatu egin zuen auzia, zigortzeko froga nahikorik ez zegoela ikusita. Baina, emakumeak erabakia errekurritu zuen, eta Bizkaiko Entzutegiak hartu behar du orain erabakia.