Loizate: “Soriako Europako Txapelketara nire mailarik onenean iristea gura dut”

Irene Loizate Sarrionandia (Durango, 1995)

Aurtengo denboraldian bi duatloitan hartu du parte. Gernikan irabazi eta Espainiako Txapelketan 23 urtez azpiko mailan laugarren postua eskuratuta, datorren asteburuan Europako Txapelketan izango da Irene Loizate (Durango,1995) durangarra.

Apirilaren 29an Sorian jokatuko den Europako Txapelketan egongo zara. Espero al zenuen bertan egotea?
Espainiako Txapelketako lehen hiru sailkatuak Europako Txapelketara joango zirela bagenekien, eta baita hautatzaileak aukeratutako beste bi ere. Nik laugarren postuan bukatzea lortu nuen, eta selekzioko kideek jakitera eman digutenez, sailkapeneko lau onenok osatuko dugu taldea.

Zer suposatzen du zuretzat Europako Txapelketa batzuetan parte hartzea?
Niretzat izugarria da. Ez nuen uste Europako Txapelketa hauetan egongo nintzenik, eta oso pozik nago. Nazioartean duatletarik onenekin aritzea ikaragarria da.

Izan duzu aukerarik Sorian jokatuko den distantzia olinpikoko lasterketako ibilbidea ikusteko?
Ibilbidea internetez ikusteko aukera izan dut. Baina, Soriara noanean, ibilbidea aurretiaz ikustea gura nuke, batez ere, bizikletakoa. Korrikako lehen kilometroak nahiko lauak direla dirudi. Beraz, korrika, talderen batean egoten saiatuko naiz, ondoren bizikletan taldetxoren bategaz joan ahal izateko.

Modu bereziren batean prestatzen ari zara txapelketa?
Entrenamenduak gutxi gorabehera orain arteko berdinak dira, baina, oporretan nagoela aprobetxatuta, entrenamendu luzeagoak egiten nabil. Esaterako, aste hauetan goiz eta arratsaldez entrenatzen ari naiz,  Soriako Europako Txapelketa hauetara nire mailarik onenean iristea gura dut-eta.  

Zein helburugaz zoaz?
Egia esan, ez dut helbururik; parte hartzea da nire asmoa. Inoiz ez dut horrelako lasterketa luze batean parte hartu. Lehenbizi, 10 kilometro egin behar ditugu korrika, gero 40 kilometro bizikletan, eta bukatzeko, beste 5 kilometro korrika. Beraz, ikusi egin beharko da ea nola nagoen.

Europako Txapelketako lasterketa aurten lehiatzen duzun hirugarrena ba, baina neguan kroseko lasterketetan ikusi zaitugu.
Bai, nire helburu nagusia triatloiak dira, eta kroseko lasterketak eta duatloiak prestaketa legez erabiltzen ditut, triatloiei begira.

Modalitate bi hauek triatloiak prestatzeko erabiltzen dituzun arren, kros lasterketetan eta duatloietan aurrean eta talde onetan ikusi zaitugu.
Bai. Krosean, esaterako, aurten Espainiako talderik onenagaz parte hartzeko aukera izan dut, eta hori ikaragarria izan da. Izugarrizko zortea izan dut Bilbao Atletismo Santutxu taldeko partaide izateaz. Bestalde, duatloietan inoizko emaitzarik onenak eskuratzen nabil. Esaterako, Gernikan, joan den hilabetean, maila absolutuan nire lehen garaipena eskuratu ahal izan nuen.

Bestalde, triatloien denboraldia ere hastear dago. Nola ikusten duzu zure burua?
Gogotsu nago denboraldi berrirako. Orain, distantzia luzeko duatloien Europako Txapelketan parte hartu ostean atseden hartuko dut, ondoren ditudan helburuak ondo prestatzeko.

Ze helburu dituzu?
Helburu nagusi bi ditut denboraldi honetarako. Lehenengoa uztailean izango dut: Espainiako esprint distantziako Txapelketa. Bestea, berriz, irailean, Espainiako distantzia olinpikoko Txapelketa.

Aurten ere Mugarra Triatloi Taldeagaz arituko zara. Nola ikusten duzu taldea?
Taldeko kide guztiak oso ondo ikusten ditut. Egia da beraiekin lehen baino gutxiagotan egoten naizela, ni nire entrenamenduetan zentratuta bainago. Hala ere, taldekideak oso ondo dabiltza, eta horren adibide da Espainiako Txapelketan taldeko hiru kide egon ginela. Bestalde, niretzat triatloien munduan erreferente den Gurutze Frades ere hor daukagu, beti mailarik gorenean.