Paddy Rekalde: “Arlo desberdinak dira gureak, baina mundu berekoak”

Itsaso Esteban 2017ko api. 21a, 14:00

Paddy Rekalderen poemak eta Itsuak jarritako doinuak izango dira entzungai, domekan, 13:00etan, Plateruenean.

Noiz eta zelan sortutakoa da proiektu hau? Noiztik ezagutzen duzue elkar?
Paddy Rekalde: Lehenagotik ezagutzen genuen elkar, auzotik, bikotekideengatik... eta lan berriak elkarri pasatu izan dizkiogu baita. Estimatzen dugu bestearen lana, bai musika mailan, bai literaturan. Arlo desberdinak dira gureak, baina “mundu” berekoak...
Itsua: Beti esan izan dugu elkarregaz zerbait egin behar genuela. Paddyren Spray poema liburua irakurri ondoren, musika sortzen nenbilela sortu zen inspirazioa behin. Paddyri ideia bota nion, eta lehenengo kanta martxan zegoen!

Plateruenean arituko zarete apirilaren 23an, 13:00etan. Zelakoa izango da emanaldia? Zer prestatu duzue?
P.R.: Zuzeneko batzuk egin ditugu dagoeneko, eta horien antzekoa izango da: poemak dub, drum&bass eta elektronika musikagaz nahastuko ditugu. Horretaz aparte, Oier Floresek irudi eder bat sortuko du irakurketaren inguruan.
I.: Duela pare bat urte Jukebox EkaHitza ekimena ipini genuen hirurok martxan, performance moduko saioa antolatzen dugu, gidoirik barik. Bakoitzak momentuan sentitzen duenaren arabera joaten dira saioak. Musika, hitza eta margogintza batzen dituen esperientzia irekia da emanaldikoa.

Zelan sortu dituzue kantak? Bakoitzak bakarka landu duzue zuen arloa, eta gero kideagaz partekatu?
P.R.: Musika arloaz Itsua arduratu da bereziki, baina, jakina, bion gustukoa izaten saiatuta.
I: Testuak oinarri hartuta joan naiz musikak lantzen. Batzuetan Paddyk proposatutako testuak izan dira, eta neuk gustuko ditudalako hautatu ditut beste hainbat. Baina estudioan batu izan gara, funtzionatzen zuten ala ez ikusteko.

Zelakoa izan da letrak lantzeko lana, Paddy?  
P.R.: Letrak Susa argitaletxeagaz kaleratu nuen Spray poema liburukoak dira, batez ere. Hortik aukeratu ditut musika mota horregaz ondo doazen letrak.

Eta musikak sortzekoa, Itsua?  
I: Normalean, musika aurretik lantzen dut, eta abeslariek letrak sortzen dituzte ondoren, baina oraingoan alderantziz jardun gara: letrak eginda zeuden, eta irakurtzerakoan sentitzen nuenaren arabera joan naiz musika sortzen. Lan egiteko beste modu bat izan da, eta baliteke horrek ere bultzatu izana niretzat ohikoena den hip hop arlotik kanpoko doinuak erabiltzera. Oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat.

Gustura zaudete baten berbak eta bestearen doinuak batuta lortu duzuen emaitzagaz?  
P.R.: Nahasketa indartsua dela esango nuke, batek elikatzen duela bestea.
I: Sorkuntzari ez diogu ezelako mugarik jarri, eta uste dut horrek lagundu digula gura genuen soinua lortzen.

Beat Salad ekoiztetxearen bitartez, biniloan kaleratu duzue lana. Zergatik hautu hori?  
I: 2009an martxan jarri nuen Beat Salad zigilu independenteagaz kaleratu dugu. Horrela, lan guztiaren kontrola daukagu prozesu osoan. 100 kopia baino ez ditugu aterako, 7” biniloan. Beat Salad Records-ek biniloan kaleratzen duen lehen lana izango da, gainera. Ni DJa naiz, eta biniloaren formatua erabiltzen dut nire saioetan. Gaur egun merkatua dagoen moduan KD-ak saltzea oso zaila da, eta jendeak musika modu digitalean entzuten du batez ere... Horregatik, kopia digitala ere kaleratuko dugu: biniloagaz batera, kopia digitala doan deskargatzeko aukera eskainiko diegu diskoa eskuratzen dutenei. Publiko berezi batentzat pentsaturiko produktu berezia da.

Zenbat kanta biltzen ditu ‘Izotza eta sua’ diskoak?
P.R.: Lau dira: Fallen Angels, Izotza eta Sua, Pantera Emea eta Spray.

Non eta nola eskuratu dezake jendeak?
I: Beat Salad Records zigiluaren webgunetik (www.beatsaladrecords.com) erosi ahal izango da, eta baita Durangoko Hitz liburu-dendan, Iruñeko Katakrak-en eta Euskal Herriko beste hainbat hiriburutan ere.

Euskal Herrian nahiko ezezaguna eta ezohikoa den ‘slam’ poesia arlokoa da egiten duzuena. Poesia kritiko baten errezitaldi musikatua dela esan genezake? Zelan azaldu zer poesia mota den?
P.R.: Slam edota Dub poetry izeneko poesia motatakoa izan daiteke gurea, eta poesia kritikoa izan daiteke, edo hobeto errebeldea, matxinatua... eta hortik musika mota horren beharra. Ez da “barnera” begiratzen duen poesia, asko dauka aldarrikapenetik, salatzetik, baina beti giza puntu batetik, jakina, matxinadari deika ibiltzea, baina kaleotatik... Argia, gogorra baina atsegina da poesia mota hori, bala bat bezain zehatza. Tiro bat bihotzean, baten batek esan zuen bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!