Aurreko edizioetan bezala, antzerkizale guztiei luzaturiko programazioa dakar Topaklownek, 16ra arte, Durangora. Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak azaldu duenez, bederatzi emanaldi izango dira, egun hauetan, Durangon ikusgai; zazpi San Agustin antzoki barruan, eta bi kalean. Emanaldi guztietara joan gura dutenentzat bonu berezi bat atera du Durangoko kulturguneak, 25 euroan.
Besteak beste, "estreinaldi mundial" bi eskainiko dituzte: Jimena Cavalletti argentinarrak apirilaren 13an estreinatuko du Mecha show you ikuskizuna; eta apirilaren 15ean, Fanny Girauden Juntos obraren estreinaldia hartuko du San Agustinek. Gainera, Euskal Herrian lehenengoz izango dira ikusgai Les Mouffons murtziarren Nosferatu in love, eta Pere Hostaren Open door.
Ikastaroak eta emanaldiak ezezik, solasaldi bat ere eskaintzen du 2017ko Topaklown-en programazioak. El clown, un oficio nómada izenburuko solasaldia izango da, apirilaren 13an, 16:30ean, musika eskolan. Geografiak umorea ulertzeko eran daukan eraginaz jardungo dira solasaldian.
Aurten lehenengoz Sgae Fundazioak babestuko du Durangoko Topaklown jaialdia. Astarloa Kulturgintza erakundeagaz sinatu du hitzarmena erakunde horrek, eta 3.000 euroko diru-laguntza eskaini dio ekimenari.
Topaketaren webgunean dago programazio osoa eskuragarri.