Zorrila: “Nahiko ezkutuan daramat; isilean sufritzen den zaletasuna da numismatika”

Aitziber Basauri 2017ko api. 9a, 10:00

Gertukoek baino ez dute Juan Zorrilarren numismatikarako zaletasunaren berri. Hala ere, 25 urte dira txanponak batzen hasi zela. Grafitiak ere baditu zaletasun musikaren amorratua den durangar honek.

Zenbat urte numismatikagaz hasi zinela?
Bilduma egiten hasi nintzela 15 urte dira, baina, txanponak gordetzen hasi nintzela, 25 urte. Batek eta besteak ekarritakoak gordetzen nituen, eta apurka-apurka zaletzen hasi nintzen, bilduma egiten. Mundu zabal eta konplexu baten aurrean nengoela ikusi nuen. Txanpon pila daude, infinitua da. Oraindik aurkitzen ari dira.

Ez da zaletasun oso ohikoa...
Durangon ez dut zaletasun hori duen beste inor ezagutzen.

Txanponak gordetzea baino gehiago da?
Txanponaren ikerketa egiten da. Jatorria, non eginak diren, zein metalekin... historia dira.

Zorotzat hartu izan zaituzte?
Nahiko ezkutuan daramat. Familiak eta gertuko lau lagunek badakite zertan nabilen, baina isilean sufritzen den zaletasuna da numismatika (barrez). Ez naute inoiz  zorotzat hartu, baina gauza arraro lez ikusten dute. Postal eta zigiluen bilduma ere egiten dut. 1900-1950 ingurukoa dut postalik zaharrena. Gutxi dira, baina idatzitakoak saiatzen naiz eskuratzen; istorio bat dute.

Zein duzu txanpon zaharrena?
Zaharrenek 2.000 urte inguru dituzte: Erromatar Inperioko edozein izan daiteke. Espainian egindako Kristo Aurreko bat  ere badut, Iberiar Aldikoa.

Bereziki gogoko duzunik?
Erdi Aroko txanpon batzuk eta zilarrezko baten bat. Lortzea gehiago kostatu zait-eta. Dena den, 1.800 urte dituen Erromatar Inperioko txanpona izateak ez du esan gura garestia izango denik; urrezko txanpona izateak ere ez, askok uste duten  lez. Zortzi errealekoa edo Napoleonen garaiko bost frankokoa ere asko gustatzen zaizkit.

Zaletasun garestia da?
Ez du zertan. Garestiak ez diren txanpon pila izan zenezake. Kontserbazio egoerak edo txanpona egin zeneko datak eragiten du balioan. Azoka txikietan, konbentzioetan, interneten edo enkanteetan hartzen ditut nik.

Zenbat dituzu?
Ez dakit. Zoratu naiteke kontatzen! Asko, tamainu eta metal askotarikoak. Oraindik erabiltzen diren beste toki batzuetakoak ere baditut.

Diru-paperak ere badituzu. Errepublika garaikoak ere bai.
Bai. Espainiako Bankuarenak, Euskadiko behin-behineko gobernuko ogasun ministroak Bilbon jaulkitakoak. Billete euskaldunak, ‘eliodoro’ak ere baditut. 1.000 billete inguru izango ditut guztira. Horrez gain, Euskadiko behin-behineko gobernuko bi txanpon ere baditut, Belgikan egindakoak. Gobernu horren legenda eraman zuten bakarrak dira. Errepublikako txanponak eta ‘estualdizkoak’ ere baditut: metala urria zen orduan, armetarako behar zen, eta kartoia erabiltzen zuten. Bi aldeek egiten zuten dirua. Egoera kaotikoa zen.

Horregaz zerikusirik ez duen zaletasuna ere baduzu: grafitiak egitea. Klandestinitatean ere ibilia zara?
Bai, asko. Gauza asko askatzeko eta adierazteko modua izan dut. Txikitatik gustatu zait. Utzita izan dut urteetan; hala ere, azkenaldian, egin ditut lan batzuk enkarguz. Kurutziaga Ikastola alboko horma guztia neuk egin dut —zati batean Bilboko lagun batek lagundu zidan—, taberna bat ere margotu dut Elorrion...

Zer gurako zenuke margoztu?
Utzitako edozein tokitan egingo nuke grafitia. Hala ere, tren bat margotzeko gauza hori izan dut beti. Hori bai, legearen barruan egingo nuke. Ez dut jakin inoiz zergatik, baina grafitigileen artean beti egon da trenak margotzeko zera hori.

Musika proiektu batean zaude orain murgilduta?
Bai, N2OGU kolektiboan sartuta nago. Bilboko, Gasteizko eta Durangoko jendea gaude. DJak, Mc’s-ak... Musika zale amorratua izan naiz beti.  20 urtetik gora daramatzat musikan sartuta, azken 15 urteak DJ moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!