ANBOTOko zuzendari Jone Guenetxeak aurkeztu du ekitaldia, eta hainbat sortzailek parte hartu dute. Kriskitineko dantzariek ikuskizuna eskaini dute, eta Iurretako abesbatzak abestu du Xabier Amurizak eta Ander Erzillak bere garaian zita honetarako sortutako kantua.
Rosario Mendibe lekukoa izan da lore eskaintza egiteko arduraduna. Iurretatik ikusi zuen faxisten erasoa 1937ko martxoaren 31n; orduan orain baino etxe gutxiago zeuden, eta hegazkinak Durangon bonbak botatzen ikusi ahal izan zuen.
Adierazpenean esan dute inplikatutako estatu eta erakundeen aldetik barkamena eskatzen dutela gutxienez. Hildakoak ez dituztelako ahaztuko diote: "Ahazten ez dena, ez da hiltzen". Aurrera begirakoa ere izan da mezua. "Berriro ez, ez hemen ez inon, beste Durangotik ez!", aldarrikatu dute.