Martxoak 31

“Aititek ez du ezer kontatu duela hiru-lau urtera arte, oroitzapen oso txarra dauka”

Markel Onaindia 2017ko mar. 31a, 11:00

Gregorio Urionaguenak 75 urte behar izan ditu bonbardaketako bizipenak barrenetik atera eta hurrekoei kontatzeko. Itziar Urionaguena bilobak harriduraz entzuten ditu aititeren gomutak.

Askoren memorian iltzatuta geratu den bonbardaketaren lekukoetako bat izan zen Gregorio Urionaguena. Babesleku batera bidean, beragaz zihoan laguna hiltzen ikusi zuen, hildakoen eta eraitsitako etxeen artean. Sarraski hartan bizitako beldurra eta samina bere barruan gorde, eta horrela eraman ditu hamarkadetan zehar, beste inori kontatu ezinik. Duela urte gutxi hasi zen sufrimendu haren berri ematen, dagoeneko bere etxean bigarren belaunaldia loratua denean. 75 urtetik gora behar izan ditu Gregoriok memoriako kutxa latz hori zabaltzeko. Hantxe du, alboan, Itziar Urionaguena biloba, aititeren istorioa kasik sinetsi ezinik. "Harritzen gaitu zelan egon den orain arte ezer kontatu barik", dio Itziarrek.

Bilobak azaldu du familian ez zekitela ezer gaiaz. "Aititek ez du ezer kontatu duela hiru-lau urtera arte; oso oroitzapen txarra dauka, eta beti isilean eraman du. Nire aitak eta osabek-eta ere ez dute ezer jakin". Ikerlariak eta kazetariak deika hasi zirenean ekin zion lekukoak kontaketari, eta familiarentzat ere ez zen erraza izan pasarte haiek ezagutzea. "Harrituta eta estuasun sentsazioagaz" hartu zutela esan du bilobak. "Beldurgarria izan zela kontatzen du, dena izua eta kaosa zela. Esne-saltzaileak lurretik botata, astoak tripak aterata... izu sentsazio hori kontagiatzen digu". Aititen kasuaz "harro eta aldi berean apur bat haluzinatuta" dagoela dio Itziarrek.

Bonbak zerutik

Gregorioren lekukotza Durango 1936 elkartearen webgunean ikusi daiteke, bideoan (www.durango1936.org). Ikus-entzunezko horretan kontatzen du zelan ospitalean harrapatu zuen erasoak, eta lagun bategaz zer gertatzen zebilen ikustera irten zela. "Irten eta segituan, gora begiratu eta bonbak jaurtitzen ikusi nituen". Lehen erreakzioa babesleku batera joatea izan zen. "Babeslekuaren parean, bizikleta lurrera bota, eta azkar sartu ginen barrura. Baina nire laguna bonba batek harrapatu zuen, eta hantxe hil zen. Ni baino urte bi gazteagoa zen". 20 urte zituen Gregoriok.

Orduak eman zituzten babeslekuan gordeta. Irten zirenean, "dena zen hildakoa", Gregorioren berbetan.  "Gorroño berriztarraren kamioia Kirikiño batailoiaren zerbitzura zegoen, eta zaurituak han kargatu genituen", gogoratu du.

Abadiñon bizi zen orduan Gregorio, eta hara joan zen goizeko erasoaren ostean. "Arratsaldean berriro ere Durangora etortzea pentsatu nuen, zer gertatzen zen ikustera. Matienatik nentorrela, abiazioa ikusi nuen. Arbola ostean gorde nintzen, ordu erdiz. Oso baju pasatzen ziren abioiak, 50 metrora edo".

Gero, gerrara joan zen Itziarren aitite, Euzko Indarra III. batailoiagaz errepublika defendatzera -bizipen hauen berri bai eduki dute etxean-. Larrabetzuko frontean ibili zen gudan, eta baita Urdulizen eta Bilbon ere. Santander inguruan harrapatu zuten faxistek beste pare bat gudarigaz batera, eta oinezean ekarri zuten Bilboraino. Bilbon, Gasteizen, Urduñan eta Palentzian (Espainia) egon zen preso. Lan egitera behartu zuten, gainera, langile batailoietan. 

Gregorioren isiltasuna ez da kasu isolatua izan, eta Itziarrek dioenez, horretaz konturatu dira etxekoak, beste lekuko batzuen senideekin berba egitean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!