Lehen denboraldia duzu lehen taldeagaz. Nola zaude taldean?
18 urtez azpikoetatik hona igo eta hasieran ez dakizu ezta zelaian nondik zabiltzan ere. Aurredenboraldi gogorra egin genuen; ni berandu etorri eta lehen egunean egurra hartu nuen. Taktikoki ere, askoz gehiago jokatzen dute hauek. Piloa igartzen da aldea. Hala ere, orain iaz baino askoz gehiago disfrutatzen dut.
Zergatik?
Gehiago ikasten duzulako, eta exijentzia maila altuagoa delako ere bai. Ahalik eta gehien ematen duzu. Entrenamendu egunak noiz helduko itxaroten egoten naiz.
Lehen taldean aritzea exijentea da...
Bai. Astean hiru entrenamendu ditugu, astelehen, eguazten eta barikuetan, eta borondatezko saioak ere bai martitzen eta eguenetan. Gero, asteburuan partidua. Baina pozik nabil. Azken batean, neuk aukeratu dut errugbian jokatzea. 9-10 urtetatik nabil, neuk gura dudalako. Bestalde, batzuek entrenatu ezin izan arren ere jokatu behar izan dute noizbait, jokalari gutxi geundelako; adibidez, kide bat Vigoraino etorri zen autoz, azken orduan, eta horrek erakusten du zelako konpromisoa dagoen taldean.
Zure etxean afizioa konpartitzen dute?
Nire gurasoak ere etortzen dira partiduak ikustera, eta besteek galdetzen dietenean, “bai, horixe da gure semea, gazteena!”, esaten dute. Batzuetan beldurra pasatzen dute, beti kolpeekin edo ubelduekin nabil-eta. Osabak ere esaten dit: “Urko, utzi errugbia eta apuntatu zaitez igeriketan-edo”. Baina ni hementxe nabil pozik. Gainera, taldean giro oso ona dugu, eta itzelean pasatzen dut.
Azken lau neurketetatik hiru irabazi dituzue.
Liga osoan zehar, etxean nahiko ondo ibili gara, baina kanpoan nahiko eskas askotan. Azken txanpa honetan, Oviedon irabazi genuen, eta A Coruñan berdindu. Domekakoa kenduta, hurrengoa Valladoliden izango da, eta uste dut badugula aukera irabazteko. Batzuetan amorrua ematen du entrenamenduan landutakoa partiduan ez ikusteak, baina orain bide onean goazela uste dut.
Bolada onean zatozte, beraz.
Azken partidua Oviedoren aurka jokatu eta 25-26 irabazi genuen, puntu bakarreko aldeagaz. Zintzoki, amaieran ez nekien zelan gindoazen, partidu oso orekatua izan zen eta. Itzela izan zen, oso ondo pasatu nuen.
Zelan ikusten duzu domeka honetako aurkaria?
Vigoren aurka jokatuko dugu bihar, 12:00etan. Sailkapenean behean daude, eta puntu bila etorriko dira. Etxean jokatzen dugunez, ezin dugu barkatu.
Seigarrenak zarete sailkapenean. Gustura zaudete?
Burgos doa lider, eta euren etxean ia-ia irabazi genuen, azken hamar minutuak kenduta. Beraz, gorago egotea lortu ahal genuela uste dut, lehenengo lauren artean, bai. Lesioak-eta eduki ditugu, eta kanpoko partiduetan igarri da. Baina seigarren postua ere ondo dago.
Hegaleko jokalaria zara. Zer behar du zure lekuan jokatzen duenak?
Izatez nahiko azkarra naiz. Iaz ez nuen leku horretan jokatzen, baina aurten hori lortu eta pozik nago. Asko ikasi dut, eta oraindik badut bidea. Hegalekoa bizkorra izan behar da, plakaketak egiteko zaila, eta bera ere aurkariak geratzeko kapaza. Ni lako 83 kiloko batek askotan 120 kiloko bat plakatu behar du; beraz, beti gerritik behera. Hala ere, errugbian posizio asko daude, eta denetan behar da zerbait.
Umeen entrenatzaile ere bazara. Zelako esperientzia da?
Hiru ibiltzen gara batera. Azken finean, umeak dira eta umekerietan ibiltzen dira. Hiru gara, 25 umegaz, eta batzuetan nekeza da. Baina denak onak dira eta kariñoa hartzen diezu. Barikuetan etortzen gara, apur bat jolastu, errietaren bat egin... (barrez).
Emaitza kontuan hartzen al da umeen taldeetan?
14 urtez azpikoetan pixka bat serioago hartzen hasten da kontua. Baina gure haurrekin, 6-8 urtekoekin, ez. Baloiagaz korrika egitea, zilindro batzugaz plakaketak egitea, harrapatzen jolastea... Errugbiaren gaitasunak hartzea da helburua. Batzuk oso tranpatiak dira (barrez). Oso pozik nabil.
Errugbia kontaktuko kirola da, baina balioak zaintzen ditu...
Asteburuan San Mamesen egon nintzen, eta “putakumea” eta halakoak entzun nituen; hori errugbian pentsaezina da. Epaileari, adibidez, ezin diozu berbarik egin, eta, egitekotan, errespetuz. Ume txikiei ere hori erakusten saiatzen gara.