Vidigal: “Estualditxoren bat bizi izan dut, baina istripua izateko beldurrik ez dut izan”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 11a, 10:30

Osakidetzako helikopteroa gidatzen du Sopelan bizi den durangar honek. Sondikatik egiten dute lan, eta  08:00etan hasita 12 orduko guardiak egiten dituzte. Inoiz bizi izan du estaulditxoren bat, baina ez du beldurrik sentitu. Segurtasuna  handia dela dio. Bere izena dela-eta bromarik ez zaiola falta onartu du, “ bidea ematen du”.

Noiztik Osakidetzako helikopteroa gidatzen?
Mekanikari moduan hasi nintzen zerbitzua martxan jarri zenean. Orain bete dira hamar urte. Orduan, mekanikariok ere egiten genuen hegan. Pilotua, mekanikaria, medikua eta erizaina joaten ginen. Gerora, kopilotuak sartu ziren. Trebatu, eta lauzpabost urte dira kopilotua naizela.

Tripetan aritzetik aparatua gidatzera pasatu zara. Nolatan?
Beti gustatu zait asko mekanika, baina hegan hasi nintzenean interesa piztu zitzaidan. Helikoptero sanitario bateko lana oso polita da, eta pilotu aritzeko nahia piztu zidan.

Helikoptero normal bat gidatzearekin alderik badu?
Helikopteroa gidatzeak lan piloa egiteko aukera ematen du, hori da politena: medikalizatuta daude, suteak itzaltzeko edo erreskate lanetarako prestatuta, itsasoko salbamendurako edo filmazioetarako... Hala ere, niretzat sanitarioa da politena. Beti gustatu zait. Laguntzeko aukera ematen dit eta bete egiten nau. Jendeagaz hartu-emanean nago eta lan talde polita dugu.

Beste lanen batean ibili zara?
Bai, baina mekanikari moduan beti. Suteak amatatzeko lanetan ibili nintzen Extremaduran, zazpi hilabetez. Eta enpresak Albaceten duen mantentzezentroan ere bai, urtebetean. Gero hasi nintzen Osakidetzako helikopteroagaz.

Helikopteroek mantenu handia behar dute. Medikalizatuak are gehiago?
Denek behar dute mantenu handia. Egunero, hegaldia hasi aurretik eta amaitzean, errebisio txiki bat egiten da. Astero sakonagoa den beste bat egiten diote; eta hilero hirugarren bat. Horrez gain, 50 ordu eta 100 ordu hegan egin ostean ere egiten zaio azterketa. Urtean behin, ia osorik desmuntatzen dute helikopteroa. Osagai piloa aldatu eta berriro muntatzeko.

Mendiko erreskateetan askotan behar zaituzte?
Bihotzekoa izan dutenak eramaten ditugu gehien, eta kostako herrietara ere askotan joaten gara, anbulantziak denbora behar baitu heltzeko. Enkarterrietara ere bai, distantzia dela-eta. Lan-istripuak direnean ere joan gara asko.

Larritasunaren arabera deitzen dizuete?
Bai, baina baita sarbide zaila duten lekuak direnean. Mendi inguruak, adibidez. Anbotora edo Zabalandira askotan joan gara. Uda sasoian hondartzetara ere joaten gara asko, kostako herrietara... Ospitaletik ospitalerako bidaiak ere baditugu; Madrilera, batez ere.

Eguraldia duzue batzuetan etsai?
Bai, denok dakigu nolakoa den Euskal Herria. Hego-haizea da txarrena! Mendian, batez ere. Haizealdera joatea edo haizeak behetik jotzen duenean zaila da hegan egitea. Ikusgaitasuna galtzen da xiri-miri itxiagaz, edo ekaitz eta behelaino egunetan, eta irteteko arazoak sortzen dira. Baina oso arraroa da ez irtetea. Estualditxoren bat bizi izan dut, baina istripua izateko beldurrik ez dut izan inoiz.

Gogoan duzu lehen eguna?
Bai. Mekanikari lez joan nintzen Igorreko futbol-zelaira. Trailer batek, atzeraka zihoala, gizon  bat harrapatu zuen. Gidaria semea zen, aparkatu zezan laguntzen ari zen aita. Gogorra izan zen. Ez da ohikoa, baina nire lehenengo eguna zen hura.

Bizipen politak ere badira?
Bai. Ume asko eraman ditugu, eta onera egin dutela jakitea pozgarria da, baita erreskatatu duzun mendizalea edo surflaria ikustea ere. Lankide batek erditze bat bizi izan zuen airean.

Izenagatik entzungo dituzu...
Bai! (barrez). Broma asko daude, horretarako bidea ematen du. Umorez hartzen dut! Nire  buruaz barre asko egiten dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!