Garcia: “Kalamuzko sokekin eta mendiko botekin eskalatzen genuen gure garaian”

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 10a, 14:15
Carlos Garcia Valduvieco (1938)

Carlos Garcia euskal eskaladako aitzindarietako bat da. Gaur, 19:30ean, Mendiak Hurbilduz topaketan bera hobeto ezagutzeko aukera egon da.

Pou anaiekin batera Plateruenean ikusiko zaitugu gaur.
Eskaladako erreferenteak dira Pou anaiak. Nire aldean asko dabiltza horiek; euren ondoan lagin txiki bat besterik ez naiz. Hala ere, bertan egotea plazer bat da. Eskaladaren munduan bizitakoak kontatuko ditugu Plateruenean.

50eko hamarkadan hasitakoa zara zu hormak igotzen.
Bai, hori da. Hamasei bat urtegaz hasi nintzen eskalatzen. Hasieran, Mañariko inguruetan eskalatzen nuen, eta horren ondoren, Atxartera pasatu nintzen. Hortik aurrera, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat pareta eskalatu nituen.

Urte gutxian, eskualdean eskalatzen ibiltzetik Pirinioetako eta Alpeetako hormak igotzera pasatu zinen.
Bai, hasieran Durangaldeko hormetan ibiltzen nintzen arren, eskalada munduko jende ona ezagutzeko aukera izan nuen, eta horrek bide berriak ireki zizkidan.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Urte gogorrak izan ziren. Ez geneukan laguntza askorik eskualdean. Nik Bilboko eskalatzaile batzuekin batzea lortu nuen. Beraien laguntzari esker, eskaladan aurrerapauso bat eman nuen, eta maila dezentea ematen hasi nintzen.

1962 inguruan Jose Maria Regil eskalatzaile bilbotarragaz bikotea osatu zenuen. Nolako garaiak izan ziren?
Garai oso politak izan ziren. Asko gozatu nuen sasoi hartan. Bikote bikaina egiten genuen Regilek eta biok. Bera teknikoki oso ona zen, eta gauza asko irakatsi zizkidan. Nik, berriz, indar handia neukan.

Baina, sasoirik onenean zeundenean, eskalada utzi zenuen.
Gazterik utzi nuen, hogeita hamahiru bat urtegaz. Etxekoek ez zuten ondo eramaten horrelako arrisku guneetatik ibiltzea, asko sufritzen zuten. Beraz, eskaladatik erretiratzea erabaki nuen.

Eskalatu dituzun hormei errepasoa eginez, zein da ikusgarriena?
Tozal Del Malloko (Ordesa) igoera da gehien gustatu zitzaidana. Ikusgarria izan zen, izugarri gozatu nuen igoera hartan. Une oro, aske sentitzen nintzen pareta hartan.

Bestalde, garai hartako eta egungo materialari erreparatuz, oso ezberdinak al dira?
Guztiz ezberdinak. Guk, esaterako, kalamuzko sokak erabiltzen genituen, ez genuen kaskorik erabiltzen eta gure eskalatzeko oinetakoak mendiko botak izaten ziren. Orain, berriz, soka oso onak dituzte, eta eskalatzeko aproposak diren oinetakoak. Zirietan ere alde izugarria dago. Orain, oso ziri onak daude, baina, gure sasoian, neuk egiten nituen eskalatzeko ziriak, lantokian. Hormako arotza deitzen zidaten.

Orduko materialak, beraz, arrisku maila ere handitu egingo zuen.
Horrelako tokietan arriskua beti egoten da, bai lehen eta baita orain ere. Baina, egia da lehengo materiala ez zela oso ona, eta horren erruz momentu zail batzuk bizi izan genituela.

Momentu zailez hitz egin duzu. Atxarteko hormetan izandako lehen erreskatean parte hartu zenuela entzunda daukagu.
Bai, bertan izan nintzen. Laguna nuen Jose Angel Mintegi, Atxarten hil zen lehen eskalatzailea. Goizean, Aizkorrira edo Atxartera joateko asmoa zuela esan zidan Jose Angelek. Atxartera ez joateko esan nion, han eskalatzeko trebea izan behar da eta. Baina, ez zidan kasurik egin. Jose Angel etxetik agertzen ez zela ikusita, bere aita eta biok Atxartera joan ginen, eta bertan aurkitu genuen, hilda. Oso momentu gogorrak bizi izan nituen orduan.

Euskal eskaladako erreferente zaren heinean, ze gomendio emango zenioke mundu honetan hasiberri den bati.
Lehenik eta behin, burua erabiltzeko, eta, nola ez, ikasteko. Teknika da garrantzitsuena eskalatzerako orduan, indarra baino garrantzitsuagoa. Gainera, gaur egun toki oso onak daude eskalatzen ikasteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!