Fran Garateren auzia

Durangoko Plataforma Feminista: "Udalak eta PPk gertaera publikoki gaitzestea eskatzen dugu eta dagozkien bitartekoak erabiltzea Garatek kargu publikoa utzi dezan"

Anboto 2017ko mar. 8a, 07:22

Durangoko Plataforma Feministak batzar irekia egin zuen atzo, Fran Garate PPko zinegotziaren kasua aztertzeko. Prentsa oharrean azaldu dutenez, lege-aukera guztiak aztertuko dituzte eta emakumeari defentsarako eskubidea bermatuko diote. Era berean, Durangoko Udalak eta Alderdi Popularrak gertaera "irmoki eta publikoki" gaitzestea eskatu dute. Gaineratu dutenez, Francisco Garatek zinegotzi kargua uztea; dimititzea eskatzen dute. "Egoeraren larritasunaz jabetuta eta Ertzaintzak Francisco Garate bizkor atxilotu zuela ikusita, ez ditugu ulertzen auzian eman diren hurrengo urratsak, susmagarriak iruditzen zaizkigu. Susmagarria ez ezik, onartezina iruditzen zaigu erabakia", azaldu du Plataforma Feministak.

Durangoko Plataforma Feministaren oharra Francisco Garate zinegotziak egindako eraso sexistaren inguruan

Beste eraso sexista baten berri izan dugu Durangon. Salatutako zazpigarrena da urtea hasi zenetik. Oraingoan, erasotzailea Durangoko Udaleko zinegotzi da: Francisco Garate, Alderdi Populerreko (PP) kidea. Eraso sexista astelehenean gertatu zen. Martxoaren 6ko gauean, emakume batek Garateren aurkako salaketa jarri zuen Durangoko ertzain etxean. Ertzaintzak jarraian atxilotu zuen zinegotzia, eta kalabozoan pasa zuen gaua. Goizean, epailearen aurrean deklaratu ostean, libre utzi zuten, karguekin. Egoeraren larritasunaz jabetuta eta Ertzaintzak Francisco Garate bizkor atxilotu zuela ikusita, ez ditugu ulertzen auzian eman diren hurrengo urratsak, susmagarriak iruditzen zaizkigu. Goizean libre utzi dute karguekin, baina handik ordu batzuetara kasua artxibatu du Durangoko Epaitegiko 4. salako epaileak. Susmagarria ez ezik, onartezina iruditzen zaigu erabakia.

Erasotzaileak ardura publikoa du, eta kondizio horrek kasua larriagotzen du. Garate behin eta berriz entzun izan dugu indarkeria matxista gaitzetsi eta salatzen, eta gertaera honek agerian uzten du garaiotan bizi dugun berdintasun faltsua. Durangar guztion ordezkaria da, eta soldata publikoa du; pertsona eredugarria izan beharko litzateke. Inoiz baino argiago daukagu emakume durangar guztion kontrako erasoa izan dela.

Guzti horren aurrean, Durangoko Plataforma Feministak ondorengoa adierazi nahi du:

1) Lege-aukera guztiak aztertzea eta emakumeari defentsarako eskubidea bermatzea.

2) Durangoko Udalak eta Alderdi Popularrak gertaera irmoki eta publikoki gaitzestea eta dagozkien bitartekoak erabiltzea Garatek kargu publikoa utzi dezan.

3) Francisco Garatek zinegotzi kargua uztea; dimititzea.

Erasoa jazo duen emakumeari babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu, eraso berri hau emakume durangar guztion aurkako erasoa baita. Honekin batera gonbidapena luzatu nahi diegu Durangar guztiei, Ostegunean, 20:00etan Andra Marin burutuko dugun salaketa kontzentrazioan parte hartzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!