XX. urteurrena ospatzeko antolatu duen egitaraua aurkeztu du Arandoño Elkarteak

Anboto 2017ko mar. 6a, 13:00

Musikeneko irakaslea da Fernandez donostiarra.

1997an elkartea sortu zutenetik egin duten bezala, organo-musika ardatz nagusi duen programazioa antolatu du Arandoñok elkartearen 20. urbetetzea ospatzeko. Sei kontzertu eskainiko dituzte 2017an, eta bariku honetan izango da lehenengoa. Loreto Fernandez Imaz organista donostiarra jardungo da, barikuan, 20:00etan, Andra Mari elizan.

Xabier Arana Arandoñoko kideak azaldu duenez, Loreto Fernanezek barikuan eskainiko duen emanaldia "organo kontzertu tradizional" bat izango da: bost obra joko ditu Musikenen irakaslea den Fernandezek, Durangoko Andra Mariko organotik.

Arandoñok antolatzen dituen emanaldi gehienetan bezala, organoa elementu zentrala duten proposamen berritzaileak dira egitarauko gehienak. Maiatzaren 27an, adibidez, Ana Belen García organistagaz arituko da Garikoitz Mendizabal txistularia. "Organo-musika gizarteratzea" helburu hartuta, hitzaldi kontzertuak programatu izan ditu, besteak beste, Arandoñok. Formatu horretan, aurten, Organo a cuatro manos y cuatro pies izeneko solasaldi-kontzertua eskainiko dute Jose Luis Echechipia eta Oscar Candendok. 

Uda osterako, beste hiru emanaldi aurreikusi ditu Arandoñok 20. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan: Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejoren organo eta klarinete kontzertua, Donostiako Orfeoiaren eta Gerardo Rifón organistaren emanaldia (azaroaren 5ean), eta zikloa ixteko, zinema muturen gaineko organo inprobisazio saioa. Thomas Ospital organistak eskainiko du emanaldi hori, baina oraindik zehaztu barik daukate emanaldiaren eguna.

Aranak azpimarratu du, elkartekide izan zituzten lagun biren omenez antolatu dutela 20. urteurreneko kontzertu sorta hau: 1997. urtean elkartea martxan ipini zuen Félix Aretxaga eta 2013an hil zen arte elkarteko kide izan zen Andres Granados hartuko dituzte gogoan. "Elkartearentzat oso pertsona garrantzitsuak izan dira", azpimarratu du Aranak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!