13 urtetik 30 urte ingurura arteko musika ikasleek osaturiko ganbera-orkestra da, gaur, Bilbon arituko dena. Biolin, biola, biolontxelo, kontrabaxu eta pianoak osaturikoa. Euskaldunako kioskoan jardungo dira gaur, 19:30ean, Eunate Zarrabeitiaren zuzendaritzapean.
Txekiar Errepublikako Bohemia eskualdeko sortzaileek musika klasikoren historian izan zuten eragina da, aurten, Musika-Música jaialdiaren ardatza, eta Durangoko Musika Eskolako orkestrak Smetana eta Dvorak konposatzaile bohemiarren obrak eskainiko ditu bertan.
Ezagutzera emateko aukera
“Jaialdi hau ikasleekin Durangotik kanpo jardun eta gure ikastetxean egiten dugun lana gure herritik kanpo ezagutzera emateko aukera ederra da”, azpimarratu du Zarrabeitia irakasle eta orkestrako zuzendariak. Bilbokoa musika klasikoa herritarrengana gerturatzea helburu duen jaialdi garrantzitsua dela azpimarratu du Eunate Zarrabeitiak. “Esfortzu handia egiten dute antolatzaileek; kontzertu benetan onak eskaintzen dituzte asteburu osoan, prezio merkean, gainera”.
Maite Azueta, June Iturriaga eta Angela Urigüen dira gaur Bilbon arituko den Durangoko orkestrako kideetako batzuk. Hirurak dira biolinistak, eta hirurek jo izan dute jaialdi honetan lehenago ere. Aho batez diote esperientzia “oso polita” dela.
Erroka handia
“Gauza berezia da horrelako jaialdi batean jo ahal izatea”, dio 16 urteko Maite Azuetak. Bartolome Ertzillan Erdi Mailako graduko bosgarren mailan dabil Azueta, eta kontatu du urte amaieratik ibili direla gaurko emanaldia prestatzen. Erronka handia izan da. “Oso gustuko ditut joko ditugun kantak, baina nahiko zailak dira batzuk”.
Erdi Mailako graduko hirugarren urtean dabil 14 urteko June Iturriaga taldekidea. “Oso esperientzia polita eta interesgarria da Musika-Música jaialdian parte hartu ahal izatea”, dio Iturriagak, “nahiz eta Euskalduna jauregiak inpresioa ere egiten duen”. Jaialdian parte hartzeagatik, programako emanaldi guztiez gozatu ahalko dute ikasleek, doan, eta aukera hori aprobetxatuz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa entzutera joatea gustatuko litzaioke Iturriagari.
18 urteko Angela Urigüenek ere biolina jotzen du, eta graduko laugarren maila egiten dabil Durangoko Musika Eskolan. Gaur Bilbon eskainiko duten Smetana eta Dvoraken musika “bereziki polita” iruditu zaiola dio Urigüenek, “melodia oso politeko kantak dira, musika herrikoia oinarri dutenak”.