Umetan Kulturalean hasi eta kadeteetan Iurretan ibili ostean, 15 urtegaz Manchesterrera joan zen Batxilergoa amaitzera eta ingelesa hobetzera. Stonyhurst ikastetxean emandako hiru urteetan ikasketak eta kirola uztartu zituen. Hiru hilez errugbia probatu ostean, ikastetxeko futbol taldera batu zen, eta osteko urte bi eta erdiek lorratz ezabaezina utzi zioten. Hango futbol jokamoldera moldatu behar izan zuen. “Joan nintzenean fisikoki biguna nintzen. Han futbola hain fisikoa zela ikusita, gimnasioan aparteko lana egin behar izan nuen. Gorputza sendotu, eta fisikoki indartu egin nintzen”, azaldu du. Horregaz batera, erdilari izatetik aurrelari izatera igaro zen, golak sartzeko zuen erraztasunagatik. Dohain horiek Ingalaterra iparraldeko eskolarteko selekzioen txapelketa jokatzeko balio izan zioten.
Han ikasitakoa lagungarri zaio hemen. Iaz Iurretakoko gazte mailako taldeagaz 24 gol sartu zituen, eta aurten, seniorretako lehen urtean, pitxitxia da Durangoko taldeagaz. “Hirugarren Erregionala oso maila fisikoa zela abisatu zidaten, eta bada izan, baina oraindik Ingalaterrako futbola biziagoa dela deritzot. Gainean daude beti, eta ez dizute arnasarik hartzen uzten”, adierazi du Cañadak.
Astegunetan Iruñean bizi da, Nafarroako Unibertsitatean Ekonomia, Lidergoa eta Gobernantza ikasketak egiten ari da eta. Unibertsitateko futbol taldeagaz entrenatzen da Durangoko Tabirara etorri ezin den egunetan.
Igoera, helburu nagusi
Durangoko Kulturalak aurten sortu du bigarren taldea. Talde nagusirako saltoa eman aurretik, jokalariak zailtzeko geralekua izan gura du. Baliabidedun kluba denez, talde indartsua eratu dute mailaz igotzeko eta une honetan lider doaz. Bi-hiru urtean Lehen Erregionalera heldu gura dute. Beraz, aurten mailaz igotzea saria ala obligazioa da? “Bietarik du”, Cañadaren ustez. “Egiten ari garen lan onaren eta konstantziaren saria litzateke. Baina obligazioa ere bada. Hasieratik mailaz igotzea dugu helburu. Taldea goragoko mailetan egonkortu behar da, Hirugarren Erregionaletik Hirugarren Mailara koska handiegia dago eta”.
Lehen talderako bidea
“Mailako klubik indartsuenetan jokatuta, banekien gol dezente sartzea lorgarria zela, baina ez nuen hainbeste ere itxaroten. Egia esanda, taldekideei esker sartu ditut horietako asko”, azaldu du.
Pentsatzekoa da bere maila ez zitzaiela oharkabean igaroko klubeko arduradunei. “Ohorea litzateke lehen taldean jokatzea, edo behintzat eurekin entrenatzeko deitzea. Oraindik ez dut aukerarik izan. Baina hauxe da bidea, golak sartzea. Egia da, baita ere, lehenengo taldean erasoko jokalari oso onak daudela. Ez da kasualitatea Bigarren B Mailara igotzeko borrokan aritzea”, onartu du.