Barrutieta: “Uste dut momentu honetan ez naizela oso kontziente zer ari naizen lortzen eta bizitzen”

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 25a, 10:30

Uribarri Barrutieta Barrenetxea

Errugbiaren mailarik gorenera saltoa eman du hamahiru urtez DRT taldean jokatzen ibili den Uribarri Barrutieta durangarrak. Sidneytik etorri berri, Las Vegasera joateko prestatzen dabil Getxo Errugbi taldean dabilen Barrutieta.

Sidneyn zazpiko selekzio absolutuagaz debutatu berri duzu, eta otsail hasieran Galesen hamabosteko selekzioagaz. Nolako esperientziak izan dira?
Esperientzia izugarriak izan dira, oraindik ezin sinetsita nabil azken hilabete hauetan bizitzen nabilenagaz. Egia esan, uste dut momentu honetan ez naizela oso kontziente zer ari naizen lortzen eta bizitzen. Lehenengo, hamabosteko selekziorako deitu zidaten, eta gero zazpikorako. Izugarria izan  da guztia, talde eta selekzio indartsuen kontra jokatzeko aukera izan dut.

Orain, okerrik ezean, Las Vegasera joango zara datozen egunetan.
Bai, hori da. Egun hauetan Madrilen gaude Espainiako selekzioagaz kontzentratuta, eta hemendik irtengo da Las Vegasera joango den taldea. Estatu Batuetako partiduak Women’s Seven Series-ekoak izango dira, eta martxoko lehen asteburuan jokatuko ditugu.

Denboraldi berriagaz errugbiaren maila gorenera heldu zara.
Lagunartean jokatzen egotetik maila ikaragarria dagoen leku batera pasatu naiz konturatu gabe. Denboraldi berriagaz gauza handiak bizi izan ditut: talde handi bategaz jokatzen nabil, maila itzelean eta talde handien kontra. Gainera, konturatu orduko, etxean jokatzen egotetik munduan jokatzera pasatu naiz.

Nola etorri zitzaizun Getxora joateko aukera?  
Duela pare bat  urte beraien taldera joan nintekeela esaten zidaten Getxokoek, baina momentu hartan ez nuen horrelakorik plantetatzen, etxeko taldean oso gustura nengoen eta. Baina, pasa den udan, berriz ere beraien taldera joan nintekeela esan zidaten, eta maila pertsonalean aurrerapauso handirik egiten ez nuenez, proba egitea erabaki nuen, beti izango baitut etxera bueltatzeko aukera.

Gogorra izan da DRT uztea?
Egia esan, bai, erabaki zaila izan da. Hamahiru urte eman ditut etxeko taldean, eta oso gustura egon naiz . Ingurukoek zer esango zuten asko arduratzen ninduen, baina, erabakiaren berri eman nienean denek babestu ninduten. Beraz, oso pozik eta eskertuta nago.

Zer daramazu hamahiru urtean zure kluba izan denetik?  
Niretzat DRT dena izan da eta dena izango da. Beraien laguntzarik barik ez nintzen nagoen tokian egongo. Hemen hasi naiz, eta dakidan dena bertan ikasi dut .

Eta, talde berriagaz hilabete batzuk daramatzazula ikusita, nola zaude?  
Oso gustura nago. Bertan aurkitu dudana asko gustatzen zait. Oso nabaria da jendea lehiatzera doala, eta entrenatzeko modua oso desberdina da. Gainera, entrenamenduetarako-eta erraztasun asko ematen dizkidate, eta Durangoko taldeari esker askotan Arripausuetan entrenatzeko aukera izaten dut.

Orduan, ez duzu Getxora entrenatzera joan behar izaten?
Partiduak izaten ditugunean birritan joan behar izaten dut Getxora taldeagaz entrenatzera. Baina, asteburuan partidurik ez baldin badugu, Durangon entrenatu naiteke, eta barikuetan Getxora joan. Beraz, hemendik eskerrak eman gura dizkiet DRTkoei, mutilen taldeagaz entrenatzen uzteagatik.

Sailkapenari begiratuta, momentu honetan, besteak baino partidu bat gutxiago jokatuta bigarren postuan zaudete.
Taldeak maila izugarrian hasi du denboraldia. Pasa den urtean ohorezko maila irabazi zuen INEF Barcelona menderatu genuen duela pare bat aste. Gainera, beste taldeek baino partidu bat gutxiago jokatuta bigarren postuan gaude, bi garaipen eskuratuta.

Denboraldiari begira, nola ikusten duzu taldea?
Taldea oso ondo ikusten dut, indartsu gaude eta denboraldi ona egingo dugulakoan nago.  Gure helburu nagusia ohorezko maila irabaztea da, eta lortu dezakegula uste dut. Saiatu barik ez gara geldituko.

Pertsonalki, zein helburu dituzu urte honetarako?
Kategoria honetan jarraitu gura dut, beraz, apurka-apurka hobetzen joan eta lortzen nabilen maila on honegaz jarraitzea gustatuko litzaidake.

Ziklo olinpikoa oraintxe hasi berri da. Tokio 2020n egotea izan daiteke etorkizuneko erronka bat?
Espero dut aukera izatea, bai, gutxienez postu bat lortzeko. Olinpiar jokoetan egon diren hainbat jokalari beteranok errugbia utzi dute. Beraz, aukerak egon daitezke. Horrek esan gura du urte hauetan gogor lan egitea tokatzen dela maila gorenean mantendu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!