Telesailei buruzko tailerra egingo dute, bigarren urtez, Bibliotekan

Marc Ambit katalanak gidatuko du, iaz bezala, telesailei buruz Durangoko Bibliotekak eskainiko duen bi saioko tailerra. Bibliotekako arduradunek azaldu dutenez, dagoeneko 15 lagun inguru apuntatu dira, baina datozen egunetan ere eman ahalko da izena. Martxoaren 2an eta 3an, 18:30etik 20:30era elkartuko dira Las mejores series de hoy, de ayer y de mañana tailerraren parte-hartzaileak, Durangoko Bibliotekan.

Aitzindariak izan ziren telesailei eta gaur egungo eskaintza zabalari buruz ezezik, oraindik estrenaitzear dauden proiektuei buruz ere jardungo da Ambit. “Iazkoa bezala, oso saio dinamikoa izango da aurtengoa ere”, nabarmendu du Estibaliz Albizu Bibliotekako arduradunak. Bere azalpenak telesailen pasarteekin uztartzen joaten da Ambit, eta entzuleen parte-hartzea bultzatzeko, jolasak proposatzen ditu, esaterako. Albizuren berbetan, Bibliotekak “testuaz gain, istorioak narratzeko dauden bestelako moduei ere lekua egin gura die” honen moduko tailerrak martxan ipinita, eta ondo erantzun izan du jendeak.  

Hain zuzen ere, gazteak istorioak kontatzera bultzatzea helburu hartuta, besteren artean Durangoko Bibliotekak bultzatutako ekimen berri batek ere martxan jarraitzen du: martxoaren 10era arte bidali daitezke lanak Durangoko I. Book trailer lehiaketara. Gerrei eta horien ondorioz sortzen diren migrazioei buruz gogoeta egin eta bideo lanak sortzera bultzatu gura dituzte 12 eta 20 urte arteko durangarrak, Durangoko Udaleko kultura eta immigrazio sailek eta Bibliotekak elkarlanean antolatu duten lehenengo Book Trailer lehiaketan.