Bruno Efimeroren erakusketa Ezkurdiko erakusgelan ikusgai

Aimar Esteban 2017ko ots. 10a, 11:30

Otsailaren 12ra arte, Bruno Efimero artista durangarraren  pinturak, marrazkiak eta fanzineak daude ikusgai Ezkurdiko Erakusgelan. Luis Ibañez artistagaz batera jarri du erakusketa. Ibañezek bere pinturak, eskulturak eta maketak ere jarri ditu.

Jaiotza artistikoak egiten ditu artistak, eta Andra Mari eta Santa Anaren maketak jarri ditu erakusketa honetan. “Bi estilo eta bi belaunaldi ezberdinen kontrastea ikus daiteke. Mundua ezberdin ikusten duten bi artisten lana dago”, azaldu du Bruno Efimerok.

Zapatutik dago irekita erakusketa, Ezkurdiko erakusgelan. Aste bitartean, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara dago bertara sartzeko aukera. “Ezkurdiko erakusgela gustuko dut, espazioagaz joka dezakezu eta nire lana bistan jartzeko leku aproposa da”, dio artista durangarrak.

Efimeroren lehen aldia
Bruno Efimerok Durangon bere lana erakusten duen lehen aldia da. “Betidanik izan dut nire herrian erakusketa bat jartzeko nahia, eta ilusioz beterik nago”, adierazi du. Aurretik, Bilboko hainbat dendatan jarrita zuen bere lana, baina erakusketa gela batean ikusgai dagoen lehen aldia da. Durangoko margolariak abstraktutzat eta espresionistatzat definitzen du bere lana. “Datorren jendeak harrituta eta kuriositatez begiratzen die erakusketan dauden koadroei”, azaldu du artistak.

Bere lana Ezkurdiko aretoan erakutsi ahal izatea Luis Ibañezi eskertzen dio.“Berari esker jarri dut nire lana herriko jendearen bistan”, aitortu du. Artistaren hurrengo geltokia Bilboko jatetxe bat izango da, hantxe ere eman baitiote aukera hori. “Pixkanaka, jendeak nire lana zenbait lekutan ikustea, eta horrela lan hori ezagutzera ematea espero dut”, adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!