Bidaia izango dute ardatz ‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimen literarioan

Aimar Esteban 2017ko ots. 8a, 09:17

Literatura hitzaldi eta solasaldiak martxan jarriko dituzte aurten ere euskaltzale talde batek antolaturiko ekimen honetan. Bidaia izango da gai nagusia edizio honetan. Eta zentzu zabalean jorratu gura dute gaia. “Era askotako bidaiak daude, bizitza bera ere, eta idazle askok lantzen dute. Beraz, testuak aukeratzeko gai zabala da”, azaldu du ekimenaren antolatzaileetako Marisa Barrenak.

Literaturzaleen ekimen hau Miren Agur Meaberen hitzaldiagaz hasiko da barikuan, otsailak 10, 19:00etan. “Aurreko urteetan bere testuak irakurri ditugu, eta gustuko dugun obra dauka. Lehenengo momentutik laguntzeko prest agertu da”, adierazi du Barrenak. Durangoko Arte eta Historia museoan finkatu dute hitzordua. Idazle lekeitiarrak, Identitate poetiko bat norabide hitzaldia emango du.

Ekimenari amaiera ematen dion jendaurreko irakurraldia maiatzaren 5ean izango da. Bitartean, literatur solasaldiak egingo dituzte Durangoko Bibliotekan. Antolatzaileentzat, “tertulia hauek parte-hartze zuzena bilatzen dute, literaturara hurbiltzeko solasaldiak dira”. Martxoaren 9an eta apirilaren 6an egingo dituzte literatur eztabaidak, aurretik irakurritako testuak berbagai izanda.

Aurreko urteetan bezala, Plateruenean irakurraldi zabal bategaz amaituko dute. Maiatzaren 5eko irakurraldian parte hartu gura duten lagunek hitzezetaahotsez@gmail.com helbide elektronikoan eman dezakete izena. Aurreko urteetan ekitaldi honetan parte hartu dutenek ez dute berriro izena eman beharrik, parte-hartzaileen zerrendan daudelako. Iaz, 250 lagunek parte hartu zuten ekitaldian. Aurten ere, sortzaile ezezagunek tarte berezia izango dute errezitaldian. “Aukera eman gura diegu zerbait kontatu gura dutenei”, adierazi du antolatzaileak. Partaideek egokitutako edo sortutako testuen irakurketa egin ahal izango dute. Kantek, dantzek eta antzezlanek ere lekua daukate ekitaldi honetan.

Literatura bultzatu gura dute Durangaldean. “Eskualdean euskal literaturara hurbiltzea eta gozatzea bilatzen dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!