Neira: “Igual, inoiz 10.000 harpide lortuko ditut eta gero, bat-batean, denak galdu!”

Aitziber Basauri 2017ko ots. 7a, 08:48

Txikitatik izan ditu gustuko bideo-jokoak Alexis Neirak, eta zaletasun hori partekatzeko aukera eman dio youtubek. “Nire esperientzia kontatzeko eta informazioa partekatzeko aukera”, dio berak. Interneten askatasuna arriskutsua ere badela aitortu du DM Metal-ek.

Nola murgildu zinen youtuben?
Txikitatik ditut gustuko bideo-jokoak. Hamar urtetik gora dira arrebagaz Upunknown Project foroa sortu nuela. 30 bat lagun batzen ginen bideo-jokoez, telesailez, zineaz... jarduteko. Hala ere, hori utzi eta inolako arrakastarik izan ez zuen blog bat sortu nuen. Urte batzuetara, web orria ere zabaldu nuen, baina, kostu ekonomikoengatik hori ere utzi egin nuen. Eta, bat-batean  youtube kanal bat sortu nuen: San Mamesen edo kontzerturen baten grabatutako bideoak igotzen hasi nintzen. Orduan oso lotsatia nintzen.

Gaur arte?
Bai. Bideo-joko batzuk grabatu nituen eta youtubera igo. Bat-batean, Espainia eta Hegoamerikatik nituen bisitak, eta gero eta harpide gehiago: 2, 5, 10...

3.000 jarraitzailetik gora lortu dituzu.
Bai, 3.300etik gora ditut. Bideo-joko berria erosi nuen, eta zenbait bideo igo ondoren, gero eta gehiago ziren nituen bisitak. Harrituta geratu nintzen! Blogagaz egin gura nuena lortu nuen: nire esperientzia kontatzea, informazioa partekatzea.

Milioika jarraitzaile dituzte zenbait youtuberrek...
Champion League da hori. AEBetan bizi den Getxoko youtuber bat ere oso famatua da: Lucus Game. Pokemon Go jokoaren bideoak igotzen ditu orain. Nire kanala oraindik oso txikia da. Ez dut presarik, ez dut honetaz bizi gura. Zaletasuna da. Igual, inoiz 10.000 harpide lortuko ditut, eta gero, bat-batean denak galdu!

Pressing Catch borroka libreko w2k17 bideo-jokoaz jarduten duzu youtuben.  
Txikitatik pressing catch-aren zale amorratua naiz: El último guerrero, Hulk Hogan... itzelak dira!

Eta zuk, jarraitzen diozu youtuberreren bati?
Ez. Egia esan, kanal gutxitan nago harpidetuta; musika eta politikari buruzkoak dira.

Oro har, oso gazteak dira. Zuk araua apurtzen duzu?
Baliteke, baina, inoiz ez da berandu!

Ezaguna zara kalean?
Ez. Hala ere, azaroan borroka libre amerikarra izan zen Bilbon, eta han nengoela begira-begira nuen gaztetxo bat. Bat-batean, mugikorra atera eta argazkia atera zuen, ez dakit ezagutu ninduelako-edo (barrez). Bideoblog bat igo nuen gero, eta iruzkin batean, ikusi ninduela zioen batek. Ez dakit bera izango zen. Beste behin eskolako lagun bategaz topo egin eta youtuben ikusi ninduela esan zidan .  

Frikitzat hartu zaituzte?
Bai! Eta harro nago. Friki hitza txarto erabiltzen da. Pasio bat muturreraino eramaten duena da frikia; pasio bat biziki maite duena.

Youtube da munduan 3. webgunerik ikusiena. Telebista baino gehiago.
Bai. Hausnartu beharko genuke zergatik amatatzen den gero eta gehiago telebista, eta zergatik sartzen diren gero eta gehiago gazteak youtuben. Youtuben gura duzunean sartu zaitezke, gura duzuna ikusteko. Interneten klik pare bategaz gura dudana daukat.  Etorkizuna da.

Zer du youtubek horrenbeste erakartzeko? Arriskutsua ere badela uste duzu?
Oso erraza da youtube erabiltzea. Hala ere, egia da interneten askatasuna arriskutsua ere badela. Muga batzuk daude.

Zer behar du  youtuber batek?
Dirua. Ordenagailua, bideo-jokoak, grabatzeko aparatua...  Horrez gain, denbora, originala izatea eta lotsarik ez izatea. Zu zeu izatea, azken batean, eta zorte apur bat ere bai, jakina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!