Plateruenean arituko da ‘Inun’, domeka eguerdiko saioan

Aimar Esteban 2017ko ots. 4a, 12:00

Musikaz beteriko asteburua dator Plateruenera. Hiru egun jarraian hainbat kontzertuz gozatzeko aukera eskainiko dute. Iseo, Keu Agirretxea & Fignugh Experience, Petti eta Etxeko Uzta, Joseba B. Lenoir Gang eta Inun arituko dira antzokian asteburuan zehar.

Barikuan, Iseo abeslariak Last Night deituriko bere azken lana aurkeztuko du. Egun berean, Keu Agirretxea Ondarroako abeslaria Fignugh Experience deituriko bere bandagaz batera igoko da oholtza gainera. Nomadak eta kofrea diskoa aurkezten ari da hainbat artistagaz lan egin duen musikari bizkaitarra. 22:00etan hasiko dira kontzertuak.

Ordu berean, zapatuan, Petti eta Etxeko Uzta arituko dira Hotzikarak diskoa aurkezten. Berako artistak Anari, Rafa Rueda eta Txuma Murugarrenegaz sinatutako diskoak ditu. Oraingoan, bere lana Etxeko Uztagaz batera aurkeztuko du, zuzenean. “Durangora etortzea beti izaten da plazer bat, urtero etortzen gara”, aitortu du Pettik. Zapatuko kontzertua,“elektrikoa izango da, rock-eroa, diskoko kantak joko ditugu eta kolaborazioak ere izango ditugu. Adibidez, Joseba Lenoir gugaz ere igoko da, diskoan grabatu zuen kanta jotzera”, azaldu du. Joseba Lenoir ibilbide oparoa duen artista da, eta Joseba B. Lenoir Gang nafarrak azken kontzertuetan murgilduta daude talde gisa. Beraz, Joseba B. Lenoir Gang proiektuari agur esan aurretik, Plateruenean ikusteko aukera egongo da zapatuan. Kontzertuak amaitzerakoan Dj Fortunek alaituko du jai-giroa.

Aperitifa Sessions
Lasaitasuna izango da nagusi domeka eguerdian Durangoko Plateruena kafe antzokian. 13:00etan hasita, Mikel Inunziaga Inun zornotzarrak Aperitifa Sessions-en barruan kontzertua eskainiko du. “Horrelako orduetan aurretik jo izan dut, giro desberdina sortzen da, intimoagoa”, aitortu du Inunek. Eskualdeko musikariak idazle euskaldunen hainbat poema musikatu ditu bere azken lanean. Da nola da azken disko honen izena. Disko hau “irla baten gisa” definitzen du kantautoreak, eta etorkizunean berriz ere berak idatziko ditu bere kantak. “Oso gustura gaude diskoaren emaitzagaz. Bilboko kafe antzokian egin genuen aurkezpena, eta geroztik biran gabiltza. Harrera oso ona izan dugu”, dio. Platerueneko kontzertua Bihotz Gorospegaz aurkeztuko du, biko formatuan. “Kuriosoak izaten dira horrelako kontzertuak, ikusleak kanta intimoak eta basatiak aurkitu ditzake bertan. Ilusioz beterik goaz Durangora”, adierazi du.  Kantautorearen birak jarraitu  egingo du, eta martxoaren 10ean Zornotzan egongo da taldeagaz batera, “beste formatu indartsuago bategaz”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!