San Agustinen itsasoratuta, bidaia musikal eta dantzatua, Karibetik Argentinaraino

Itsaso Esteban 2017ko ots. 4a, 10:00

Durangoko kontserbatorioan irakaslea den Lerman Nieves musikariak bultzaturiko proiektua da Yakambú hari boskotea, Lázaro Castro pianista, Denis Barzaga perkusionista eta Dairi Brown dantzaria elkartu dituen Atlantikoz bestaldean ikuskizuna.

Artista euskaldunak, kubatarrak eta venezuelarrak bildu dira proiektuan, eta otsailaren 11n, 20:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean ariko dira. Iazko udaberrian kontzertu bana eskaini zuten Sopelan eta Bilbon, baina otsailaren 11n Durangon abiatuko duten ibilbide berri honetan, Euskal Herriko zein atzerriko ahalik eta txokorik gehienetara iritsi gura dute.

“Musika koloretsu eta beroaren bitartez” adin guztietako entzuleak Atlantikoz bestaldera bidaiatzera gonbidatuko dituzte Nievesek eta taldekideek. Karibetik eta Argentinarainoko bidaia musikalean parte hartuko dute otsailaren 11n San Agustin kulturgunera doazenek. “Oso errepertorio anitza osatu dugu”, azaldu zuen Nievesek, astelehenean, San Agustin kulturgunean eskaini zuten prentsaurrekoan. Bere herritik joatean aitak esan ziona gogoratu zuen Nievesek aurkezpen horretan, eta badirudi gogoan izan duela Atlantikoz bestaldean ikuskizunaren errepertorioa osatzean: etxetik urrun egon arren, sorterriko musika ez zezala sekula alboratu eskatu ei zion aitak.

Ernesto Lecuona, Carlos Gardel eta Ernesto Grenet musikarien sorkuntzen gainean Nievesek egindako moldaketek osatzen dute, besteak beste, Atlantikoz bestaldean ikuskizuna. “Son kubatarra, doinu brasildarrak, Venezuelako joropoa eta tangoa” izango dira, besteak beste, entzungai. “Musika beroa eta alaia, baina aldi berean oso fina” eskainiko dute Lerman Nievesen berbetan.

Duela 20 urte etorri zen Lerman Nieves Venezuelatik Euskal Herrira, eta 12 urte daramatza kontrabaxu eta baxu elektriko klaseak ematen Durangoko kontserbatorioan. Kontatu duenez, “lankide eta lagunekin musika jotzeko gogotik” sortu zen egitasmo hau, eta Irati Ortubia Bartolome Ertzilla musika eskolako lankidea izan zuen lehenengo bidelaguna. Gutxinaka, hango eta hemengo zazpi musikari batu dira proiektura, eta baita Dairi Brown jatorri kubatarreko dantzaria ere.

Kmon Produkzioak Durangoko enpresak ere parte hartu du ikuskizun honen ekoizpenean. Lehenengo aldia dute langintza horretan. Josean Hernandezek azaldu zuenez, “gure lanari lotuta, altxor asko eduki izan ditugu eskuartean, baina gertuko jendearen ikuskizun orijinal, bero eta kolore handiko hau aukeratu dugu gure lehenengo ekoizpena izateko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!