Igoberria den arren, Tabirako Baqueko bigarren taldea bikain dabil Euskadin

Joseba Derteano 2017ko ots. 2a, 11:15

Tabirako Baqueren bigarren taldea eraldatu egin da azken urte bietan. David Quero entrenatzailearen eskutik etorri den aupada berriagaz, Bizkaiko mailatik Euskadikora igotzea lortu zuten iaz. Aurten, aldiz, sufritzea egokituko zitzaiela uste zuten, baina, ustekabean, sailkapeneko gorenean daude.

Ina Mendibe klubeko presidenteak “lan bikaina” egiten dabiltzala uste du. “Mailari eustea bera erronka handia zela uste genuen hasieran”, dio. Iaz arte erregional mailan trabatuta zegoen, eta taldearen gorakadaren oinarria “konpromisoan” eta elkarren artean sortu duten “giroan” dagoela azaldu du. “Iaz arte ez zegoen hain konpromiso irmorik taldean. David Querok gidaritza hartu zuenean  dinamika horri buelta ematea lortu genuen”, gaineratu du. Erregional maila atzean uztea pauso garrantzitsua izan zela uste du, orain talde lehiakor eta indartsuagoen kontra jokatzeko aukera dutelako. Horrek beste exijentzia maila bat eskatzen die jokalariei ere.

Bigarren taldearen berpizkundeak zuzenean eragingo dio lehenengo taldearen martxari ere. Iaz arte, bigarren mailako taldearen errendimendua ikusita, junior mailakora jotzen zuten sarritan errefortzu bila. “Batzuetan salto handiegia zen oraindik egin barik zeuden jokalarientzat”, azaldu du Tabirakoko presidenteak. Orain, salbuespenak salbuespen, junior mailakoen hurrengo koska naturala bigarren taldea da inoiz baino gehiago, eta han hartu dezakete behar duten esperientzia ondoren azken saltoa emateko.

Zapatuan, 16:00etan, Gasteizko Arizti taldearen kontra jokatuko dute Durangon. Irabazteko partidua dute sailkapeneko erdialdeko taldearen kontra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!