“Gogotsu gabiltza eta motibazioak asko egiten du emaitzak lortzerako orduan”

Anboto 2017ko urt. 28a, 10:00

June Arbeo Sarriugarte | Durango, 1999 | Araitz Villa Besoy | Abadiño, 1999

Durangaldea Runningeko korrikalari biak kroseko denboraldi itzela osatzen dabiltza junior mailan. Orain arte parte hartu duten lau probetan (Usansolo, Laudio, Zornotza eta Abadiño) June Arbeok lehenengo eta Araitz Villak bigarren amaitu dute. Orain, Euskadiko txapelketan Espainiakora sailkatzea dute helburu.

Espero zenuten aurten maila honetan aritzea?
June Arbeo: Gogor entrenatzen aritu gara, baina, hala ere, sorpresa izan da.
Araitz Villa: Iaz apur bat indargabe aritu ostean, aurten nire burua hobeto ikusten nuen, baina ez nuen horrelakorik itxaroten.

Zein da ematen ari zareten mailaren arrazoia?
J.A.: Iaz biok lesioekin ibili ginen. Aurten gogotsu hasi gara.
A.V.: Motibazioak asko egiten du emaitzak lortzerako orduan.
J.A.: Entrenamendu gehiago eta gogorragoak egiten ditugu.

June, iaz lesio bategatik ezin izan zenuen kros denboraldia lehiatu. Aurtengoari begira, bazenuen kezkarik?
J.A.: Belaunean tendinitis bat izan nuen. Urritik abendura arte txarto egon nintzen. Ondoren, pare bat kros egin nituen, baina berriro bueltatu zitzaidan mina eta maiatzera arte ez nintzen errekuperatu. Kezkarik gehienak lesioa nuen une horietan sortu zitzaizkidan. Errekuperatuko ote nintzen, errekuperatzea lortuta ere berriro hasieratik maila berreskuratzeko motibazio hori izango ote nuen… Aurten, errendimendua baino, lesioa berriro ez bueltatzea zen nire kezka. Zorionez, horiek denak gaindituta daude.

Lasterketetan zein punturaino irauten du adiskidetasunak? Zer punturaino joaten zarete elkarren babesean?
J.A.: Zirkuitu batetik kanpora lagun onak eta koadrila berekoak gara, baina barruan aurkariak. Ez dugu elkarregaz joateko estrategia zehatzik. Hasierako pare bat kilometroetan aurrean elkarregaz joaten gara eta gero…
A.V.: Gero Junek alde egiten du eta ni apur bat atzerago joaten naiz, bera harrapatu guran.

Araitz, aurten joera hori apurtzea posible ikusten duzu?
A.V.: Nire helburua Juneri egunen batean irabaztea da. Denboratxoa ateratzen dit, bai, baina ez dut alde itzelik ikusten bion artean. Apur bat ahalegin gehiagogaz lortu dezakedala uste dut, baina, jakina, beharbada berak ere indarrak gordeko ditu…
J.A.: Ez, ba! (barreak). Araitz atleta indartsua da eta antzera gabiltza biok.

Araitz, Junek zertan ateratzen dizu apurtxo hori?
A.V.: Pertsona lehiakorra naiz eta beti irabaztea dut buruan. Motibatuta joaten naiz, “gaur harrapatuko dut” edo “jarraituko diot” pentsatuz, baina unea heltzen denean… aldetxoa ateratzen hasten da. Orain arte, mentalki ezin izan diot egoera horri bueltarik eman. Buruak garrantzi handia du.

Zirkuituaren egoerak eragiten du zuen errendimenduan? Zer zirkuitu mota gustatzen zaizue gehien?
J.A.: Niri zirkuitu gogorrak gustatzen zaizkit, lokatza eta aldapak dituzten horietakoak. Entrenamenduetan kilometro asko egiten ditugu, aldapak sartuz eta erritmo aldaketak landuz. Hanketan indarra badugula uste dut.
A.V.: Berdina diot. Mendia gustatzen zait eta zirkuitua mendiko ibilbide bateko ezaugarrietara zenbat eta gehiago hurreratu, orduan eta hobeto.
J.A.: Zoritxarrez, Espainiako txapelketako zirkuituak justu kontrakoak izaten dira: lasterketa arinak eta aldaparik
bakoak.

Otsailaren 5ean Sopuertan jokatuko den Euskadiko txapelketan arituko zarete euskal selekzioagaz. Zer helburu duzue?
J.A.: Helburu nagusia aurreneko sei euskaldunen artean geratzea eta Espainiakora sailkatzea da. Helburu egingarria dela uste dut.
A.V.: Maila ona egongo da, baina ez dugu beldurrik eduki behar. Niretzat lehenengo aldia litzateke Espainiakoan.
J.A.: Ni atletismoan-eta aurretik ere ibili izan naiz. Orain arte sari moduan hartu izan ditut, baina aurten helburu nagusi moduan hartuko dut. Sailkatzen bagara, gogor prestatuko dugu.
A.V.: Bai, berdin pentsatzen dut. Sailkatzen bagara dena ematen eta ahalik eta aurreren geratzen saiatuko gara. Erronka moduan hartuko dugu.

Araitz, mendia gustuko duzula diozu. Zure etorkizuna, krosean baino gehiago, mendi lasterketetan ikusten duzu?
J.A.: Bai. Krosa gustatzen zait, egia esanda, baina pista alboratu egin dut. Kros denboraldia amaitzean mendi lasterketak probatu gura ditut. Iaz Anboto Kilometro Bertikalean eta Urkiolako mendi lasterketan parte hartu nuen, lehenengoz, eta gustatu zitzaizkidan.

Zelan moldatzen zarete Dabid Garcia entrenatzaileagaz?
A.V.: Kirolaria motibatzen badakien horietakoa da. Bere hurbiltasuna azpimarratuko nuke. Arazoren bat daukagunean gutaz arduratzen da, galdetu egiten digu, eta hori garrantzitsua da.
J.A.: Kirol ikuspegitik, entrenatzaile ona da eta hobetzen laguntzen digu. Horregaz batera, nik benetan baloratzen dudana alderdi humanoa da. Entrenatzailea izateaz gainera, gu denon laguna da. Kirolean errendimendu ona emateko, arlo pertsonalean psikologikoki eta animikoki ere ondo sentitu behar zara. Dabidek horretan ere laguntzen digu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!