Durangoko musika talde gazteei laguntzeko proiektua, Sorginolan

Anboto 2017ko urt. 27a, 13:30

Sorginolako entsegu lokala izango dena atontzen dabiltza gazteak.

Tronpa proiektua aurkezteko, Garajetik! musika jaialdia egingo dute Durangoko Sorginola Gaztetxean, gaur eta bihar.

Durangaldeko musika talde gazteak bultzatzeko asmoz sorturiko ekimena da Tronpa, eta helburu horregaz antolatu dute asteburu honetako jaialdia ere. Gaur, Mockers eta Moonshiners izango dira Sorginolako garajean entzungai, 22:00etan, eta Ayatolah, Han eta Utopia, bihar. Tronpa proiektua eta Garajetik jaialdi hau finantzatzeko, errifak atera zituzten udazkenean, eta asteburu honetan egingo dute zozketa. Asteburu honetan jakingo da nori tokatu zaion zozkaturiko gitarra. Oraindik errifarik ez daukanak jaialdian zehar ere izango du berea eskuratzeko aukera.

Gaztetxea okupatu eta hilabete batzuetara egindako asanbladan ikusi zen musikari loturikoa zela Sorginolako gazteak kezkatzen zituen gaietako bat. Horrela, Sorginolan entsegu lokal bat atontzea pentsatu zuten, eta horretan dabiltza azken hilabeteotan dozena erdi lagun. Gelako hormak konpondu dituzte, baina insonorizatzea falta da, besteak beste. Lanak amaitzen dituztenean, Durangoko gazteen edozein musika taldek erabili ahalko du Gaztetxeko entsegu lokal hori.

Durangoko gazteek sorturiko musika taldeak Sorginolaren inguruan saretzea gura dute Tronpa proiektuaren bultzatzaileek. Izan ere, talde horretako kideek diotenez, “Durangon gero eta gutxiago dira musika tresnak hartu eta, taldean edo bakarka, oholtzara salto egiten duten gazteak”. Baliabideak falta dituzte, eta zaila egiten zaie beraien musika ezagutzera ematea. Hain zuzen ere, talde gazteei ikusgarritasuna ematen ere lagundu gura du Tronpa proiektuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!