Sagardoy eta Bracaglia ‘Errementari’ filmeko protagonistak dira

Anboto 2017ko urt. 27a, 13:00

Eneko Sagardoyk deabrua antzezten du Paul Urkijoren fantasiazko lehen film honetan.

Euskal zineman aurten estreinatuko diren filmen artean, Errementari izango dugu. Eneko Sagardoy eta Uma Bracaglia aktore durangarrek parte hartzen dute fantasiazko pelikula honetan. Hirugarren durangar batek ere lan egin du filmean: Diego Martin atrezzolariak.

Bihar amaituko dute grabaketa, Gasteizen. Aste hauetan Orregin, Itsason eta El Pobaleko burdinolan izan dira filmatzen.“Grabaketa gogorra izan da niretzat, deabruaren pertsonaiak fisikoki asko exijitzen duelako”, aitortu du Eneko Sagardoyk. Eguraldiak ere ez du lagundu.“Tenperatura oso hotzak eta euria izan ditugu”.

Jose Miguel Barandiaranen Patxi Errementaria ipuin tradizionalean inspiraturiko filma da Paul Urkijo arabarrak zuzendutakoa. XIX. mendean girotua, deabrua engainatzeko gai den errementari baten istorioa kontatzen du. Zuzendariaren lehen film luzeak estetika mitologikoa eta misteriotsua izango du. “Euskal Herrian fantasiazko filmak ikustea oso zaila da, eta genero honetan hainbat film labur egin ostean, Urkijo luze bat egitera ausartu da; gainera, euskaraz”, adierazi du aktoreak. Sagardoy oso pozik agertu da Urkijogaz lan eginda. “Marrazkilaria izanda, ikuspuntu berezia du irudiekin jolasteko, eta pertsonaiak, alde psikologikoaz gain, irudiaren aldetik ere oso fin zuzendu ditu”. Sagardoyk deabrua antzezten du.“Ahots erregistroa asko zabaltzera eta gorputz espresioa arakatzera behartu nau”, gaineratu du.

Uma Bracagliaren debuta

Uma Bracaglia bederatzi urteko neskato durangarra lehenengoz jarri da kameren aurrean. Errementeria misteriotsuan sartzea lortzen duen neskatxa gaztetxoa antzezten du.“Jolasteko oso prest ikusi dut, oso modu profesionalean ibili da eta gauzak asko erraztu ditu”, dio Sagardoyk. Neskatoak aktore lanetan etorkizuna izango ote duen berak erabaki beharko duela uste du.“Gaztetxotan jolas gisa ulertzen duzu aktore lana, beste pretentsiorik barik”. Kandido Uranga, Joxean Bengoetxea edo Ramón Agirre aktoreek ere parte hartzen dute produkzioan.

Euskaraz grabatu da filma, eta Araban galdutako euskalki baten traza emango diote. Gorka Lazkanok gidatuta, euskalkiaren formak moldatu egin dira, ikuslegoari ulergarri egiteko.

Gariza Films, Konoskopik, Ikusgarri Films eta The Project ekoiztetxeek gauzatutako filma da. Estreinaldia 2017ko udazkenerako aurreikusten da. “Ibilbide oparoa izan dezakeela uste dut”, dio  Eneko Sagardoyk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!