Semeak, orduan bizitakoa eta gero jakindako apurra kontatu du Durango 1936 elkartearen grabazioan –bideoaz gainera, orduko egunkari atalak eta aitaren heriotza agiria ere topa daitezke webgunean. “Hau guztia ezkutuan zegoen. Esperientzia ona izan da proiektuan parte hartzea”, dio Joseba Angulok. Zauriak ez dira oraindik itxi, eta hunkituta, ezin izan du berbetan jarraitu kazetariagaz. Bere arreba Maria Angelesek hartu dio lekukoa.
Maria Angeles Angulok erbestea ezagutu zuen aitaren heriotzaren ostean; hiru urtez Belgikan egon zen. Izan ere, egoerak bultzatuta, amak ezkutuan ibili behar izan zuen. Beste bi seme-alaba ere bazituen, Jasone eta Federico. Lehena izekoekin geratu zen, eta bigarrena Frantziara bidali zuten. “Ez pentsa asko dakigunik. Txikiak ginen, eta ni Belgikan egon nintzen”, gogoratu du Maria Angelesek.
“Seguraski, beldurragatik”
Hala ere, grabazioan parte hartzea erabaki zuten. “Aitaren alde zerbait egitearren etorri ginen”, aitortu du. Amak ere ez zien gauza handirik kontatu aitari egin ziotenaz. “Zer dakigun berari buruz? Zoritxarrez, oso gutxi. Gure amak inoiz ez zigun esan nola topatu zuten, zer egin zioten...”. Kirmen Uriberen liburu batean, euren egoera islatuta ikusi du, beste batzuen esperientzietan. “Orain Kirmen Uriberen liburua irakurtzen ari naiz, eta hara! Gauza bera; ez digute inoiz ezer esan. Zergatik? Bada, seguraski beldurragatik”.
Antza denez, bazekiten zein izan zen aita salatu zuena. “Gogoratzen naiz amak esaten zuela berak bazekiela nor izan zen aita salatu zuena; nik ez dut ezagutu, eta ezta nahi ere. Amak esaten zigun guk amorrurik ez edukitzeko gordetzen zuela, baina begira orain zenbat amorru dagoen munduan”.
Bere aitari ez zioten urte batzuk lehenago egindakoa eskertu; Errepublika sasoian, karlista bat fusilamendutik salbatu zuen. Berari gertatuaz dakiten apurra kontatu dute seme-alabek, etorkizuneko belaunaldiek jakin dezaten, euren memoria bizirik mantentzeko.
Jose Maria Angulo Arroitajauregi, heriotzera zigortua izan zena.
Angulo familiako seme-alabak, txikitan.