Faxismoaren biktimak: Isildutako 75 ahots argitara atera ditu Durango 1936k

Anboto 2017ko urt. 26a, 12:58

2007an sortu zen Durango 1936 elkartea, eta ordutik hona egindako grabaketak webgunean eskegi dituzte, belaunaldi berriei transmititzeko. Gaur aurkeztu dute webgunea Andoni Barreñak, Unai Iturriagak, Joseba Angulo lekukoak eta Iñaki Garaita elkarteko kideak

Isildutako 75 ahots argitara atera ditu Durango 1936 elkarteak. Faxismoaren biktimen lekukotza horiek bideoan grabatu, editatu, eta webgunean eskegi ditu (www.durango1936.org/eu), eta horrela, balio handiko ondarea herritar guztien eskura ipini du. 2007an sortu zen elkartea, eta ordutik hona egindako grabaketak jasotzen dira webean. “Historiatik eta gure errealitatetik egotziak izan dira”, adierazi du aurkezpenean Andoni Barreña elkarteko kideak. Hala ere, elkarrizketatuen sentimenduak eta bizipenak batzea izan da euren asmoa, lan akademiko bat egin beharrean. “Isilarazi egin den sentimendu hori belaunaldi berriei transmititzea” izan da helburua.

Durangoko Udalaren laguntza bati esker garatu dute proiektua; aurkezpenean ez da egon udalaren eta alderdien ordezkaririk, bai ordea Gerediaga elkartekoak eta hainbat senide.

Bideoak webgunean sailkatu, antolatu eta materiala gehitzeko lana Unai Iturriagak egin du, urte bitan zehar. Grabazioak herrika eta gaika bananduta daude, eta elkarrizketatuak aipatzen dituen biktimen argazkiak edota eurekin lotutako dokumentuak ere gehigarri lez daude. Esaterako, gutunak, sententziak edo fusilamendu agiriak. Iturriagaren iritziz, webguneko “altxorra” bideoak dira. Harrituta geratu da kontakizunekin, eta batez ere, jarrera zehatz bategaz. “Denak dira galtzaileen bandoko jendearenak, eta harritu nau ze tentuz, ze errespetuz berba egiten duten irabazleen bandoarekiko”, esan du Iturriagak.

Izan ere, beldurra eta ezkutuan gordetzeko interesak egon dira. Dagoeneko 80 urte pasa dira kolpe faxista eman zutenetik, Durangoko bonbardaketatik, Frankismoaren hastepenetatik. Barreñak pena du lanean lehenago ez hasteagatik. “Oso argi dugu berandu hasi garela. Beste batzuen artean, gure senitartekoak ere ez ditugu harrapatu, eta bihotzeraino heltzen zaigu. Elkarrizketatuen herena hilda dagoela esango nuke”.

Isiltasuna apurtu guran jarraituko du Durango 1926 elkarteak aurrerantzean ere. Barreñak azaldu du lekukotza gehiago jasotzeko prest daudela, eta norbaitek interesa edo ideiaren bat edukiz gero eurengana jotzera animatu ditu herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!