Ibaizabal Ikastolan Haur Hezkuntzako goi mailako zikloan ari diren ikasleak oholtza gainera igoko dira haurrei zuzendutako hogei minutuko antzezlanak aurkeztera. Bost saio izango dira guztira, eta fantasiazko istorioak, poetikoak eta aniztasuna lantzen dutenak egongo dira. Saioetarako sarrera doakoa da.
“Ekimen honen helburua ikasleek ikasitakoa benetako egoera batean aplikatzea da”, adierazi du Mireia Delgado zikloko irakasleak. Ikasleek taldeka prestatzen dute guztia: gidoia, atrezzoa, kartela…
Laugarren aldia izango da Antzerki Txiki Plateruenean egiten dena. “Hasieran ikastoletara joaten ginen. Orain, talde bakoitzak goizean antzezlana ikastola batean aurkezteaz gain, arratsaldean Plateruenean egiten dute” azaldu du. Aurreko urteetako emaitzekin pozik dago Delgado. “Jendea etortzen da eta antolaketa aldetik gauzak gehiago fintzen ditugu”, gaineratu du.