Durangoko San Agustin Kultur Guneak datozen hiru hileetako programazioa aurkeztu du gaur, askotariko formatu eta estilotako eskaintza zabalagaz. Horietako batean, otsailaren 18ko Bodas de sangre antzezlanean, sorterrira itzuliko da Mariano Estudillo aktorea. Lau urte intentso bizi izan ditu Madrilen. Antzerki konpainia garrantzitsuekin eta hiri handietako antzokietan lan egin du, Lola Herrera eta Hector Alterio lako aktoreekin, besteak beste. Orain, proiektu apalago batek Durangora etortzeko atea ireki dio. “Durangora itzultzeko gogo bizia neukan”, onartu du gaurko prentsaurrekoan.
Euskadin eskainiko duten ikuskizun bakarra izango da eta baita berau ikusteko azken aukera ere. Maiatzean estreinatu zuten ikuskizunari Durangon emango diote amaiera. Bodas de Sangre pasio zantzuz betetako kronika da, emakume bategatik duten borrokak bi lehiakide heriotzara eramango dituena. Lursailak, familia, boterea, sinesmena… gaiak jorratzen dira obran zehar. Antzerkia, dantza eta musika uztartzen ditu. “Hiru lagunen arteko amodio istorioa kontatzen du, baina oro har obra korala dela uste dut”, azaldu du.
Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko kudeatzaileak azaldu duenez, "Marianoren ibilbide oparoa ikusita ilusio berezia egiten digu Durangon aktore lez modu profesionalean ikusi ahal izateko aukera hau errealitate bihurtzeak“.
Geroa eta Antonio Malonda
Antonio Malonda da antzezlako zuzendaria. Sasoi batean, Geroa antzerki taldeko zuzendaria ere izan zen. Estudillok Geroan izandako hainbat aktorerekin lan egiteko “zortea” izan du azken urteetan eta aurreratu duenez, antzezlanaren egunean Geroan egondako ahalik aktore gehien batzen saiatuko da.
Aurrera begira dituen asmoen gaineko zertzeladaren bat ere utzi du Estudillok. Besteak beste, Eneko Sagardoy aktore durangarra ordezkatuko du El ultimo tren a Treblinca antzezlanaren (Vaivén produkzioak) Madrilgo emanaldietan.
Beka artistikoa
Mari Jose Balierrek San Agustinetik sustatutako bestelako ekintza batzuen berri eman du. Esaterako, orain 13 urte sortu zuten beka artistikoaren aurtengo aldia izan du berbagai: “Sorkuntza hedatzea eta bultzatzea du helburu edozein arlotan”. Proiektu bat baino gehiago aurkeztu daitezke urtarrilaren 31ra arte. Durangoko Udaleko webgunean aurkitu daitezke oinarri guztiak.