I. Book Trailer lehiaketa, gazteak gerrez eta kulturartekotasunaz hausnartzera bultzatzeko

Anboto 2017ko urt. 17a, 17:45

Pilar Rios, Olaia Albizu eta Mari Jose Balier zinegotziek, Estibaliz Albizu liburutegiko zuzendariak eta Verónica Redondo inmigrazio arloko teknikariak parte hartu dute lehiaketaren aurkezpenean.

Durangoko udaleko kultura eta inmigrazio sailek eta liburutegiak elkarlanean antolatu dute Durangoko lehenengo Book Trailer lehiaketa. Gerrei eta horien ondorioz sortzen diren migrazioei buruz gogoeta egin eta bideo lanak sortzera bultzatu gura dituzte 12 eta 20 urte arteko durangarrak. Gaur aurkeztu dute lehiaketa, eta martxoaren 10era arte bidali ahalko dira lanak.

Aurten Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrena izango dela kontuan hartuta, gerrek behartuta beraien herrialdeetatik alde egin behar dutenen egoeraz eta kultura desberdinen arteko elkarbizitzaz hausnartzera bultzatu gura ditu udalak Durangoko gazteak. Gaurko aurkezpenean aurreratu dutenez, martxoaren 31ko bonbardaketaren oroimen ekitaldian egingo dute lehenengo Book Trailer lehiaketa honen sari banaketa ekitaldia.

Tolerantzia, kulturen arteko elkarrizketa, elkartasuna eta berdintasuna bezalako balioak islatzen dituzten 20 libururen zerrenda eman dute antolatzaileek —erdiak euskaraz eta beste erdiak gazteleraz—, eta liburu horien ikus-entzunezko sinopsiak egitea da lehiaketan parte hartu gura dutenek egin beharreko lana. Gehienez ere bi minutuko iraupena izan dezakete liburuen ikusentzunezko aurkezpenek. Udaberririk ankerrena, 19 kamera, Black is beltza, Persépolis, Abdel, edota El cazador de estrellas dira antolatzaileek lehiaketarako aukeratu dituzten izenburuetako batzuk.

Lau sari daude Durangoko Book Trailer lehiaketan jokoan: 12 eta 15 urte artekoen eta 16 eta 20 artekoen kategorien irabazleek tablet bana jasoko dute, abentura kamera bat euskarazko lanik onenak, eta Durangoko Arteka liburudendan erabili ahalko den 50 euroko erosketa bonoa publikoaren ustez onena den lanak.

Gaur eskaini duten aurkezpenean azaldu dutenez, lehiaketan parte hartzeko, book trailerrak egiten ikasteko doako tailerrak eskainiko ditu Durangoko Udalak. Stop motion teknikari buruzko bi orduko tailerra jasotzeko interesa duten ikastetxe zein norbanakoek durangobooktrailer@gmail.com helbidean egin dezateke eskaria.

Banaka zein bi edo hiru laguneko taldetan aurkeztu daitezke bideo lanak, eta martxoaren 10a da epemuga.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!