Durangoko neska batzuek eraso matxistak jasan zituzten iazko irailean AS Bayonaisse (ASB) errugbi taldeko jokalari batzuen partetik. Rugby tabernan geratu zen, DRTk eta ASBk jokatutako lagunarteko partidu baten ostean. Orain, Euskadiko Errugbi Federazioak idatzi bat helarazi du. Idatzi hori Durango Rugby Taldeko, AS Bayonaisse taldeko, Durangoko Udaleko eta errugbi federazioko ordezkariek adostu dute. Klub eta erakunde horietako ondoko ordezkariak egon dira testua adosteko batzarretan: Pilar Rios eta Idoia Agorria Durangoko Udaletik, Juan Manuel Iriondo presidentea eta Jose Ignacio Azurmendi zuzendaritzako kidea DRTtik, Gillen Peynoche presidentea ASBtik eta Iñaki Laskurain presidentea eta Jose Miguel Galdos kirol zuzendaria federaziotik.
Gertatu ziren bezalako erasoek errugbiaren izena “zikintzen” dutela eta “sekula berriro ez direla gertatu behar” jasotzen du testuak. “Horrelako jazoerek kezka handia eragiten digute eta erasotuei elkartasun osoa erakusten diegu”, gehitu dute. Testuaren sinatzaileek “konpromiso irmoa” hartzen dute euren inguruan horrelako jarrerak “desagerrarazteko eta prebenitzeko baliabideak sustatzeko”.
AS Bayonaissek "disziplinazko neurriak" hartu ditu
ASBk erasoak egin zituzten jokalarien kontrako “disziplinazko neurriak” hartu dituela diote eta horrelakorik errepikatu ez dadin “neurriak hartuko dituzte”. Horrekin batera, erasoa jasan zuten emakumeei “barkamen publikoa zein pribatua eskatu diete”. Hain zuzen, Euskadiko federazioak ASBk erasoak jasan zituzten emakumeei bidalitako gutuna ere helarazi du. Gutunean "emakumeen askatasunaren kontrako jarrerak gaitzesten" dituzte eta "neurriak hartu" dituztela jakinarazten dute. Berriro gertatu ez dadin hezkuntzaren eta formazioaren alorrean neurriak hartuko dituztela adierazten dute.