Euskal Herriko Futbol Txapelketak aurkeztu dituzte Durangon

Anboto 2017ko urt. 11a, 20:25

Gaurko aurkezpen ekitaldiko argazkia

Emakumeen kopak zazpigarren aldia du. Gizonezkoena estreinakoa izango da Athletic, Erreala, Alaves, Eibar eta Osasuna taldeekin. Euskal kirolari ezagun asko batu ditu Platerueneko ekitaldiak.

Arritxu Iribar eta Xabier Usabiaga kazetariek gidatuta, Euskal Herriko Futbol Txapelketak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean Durangoko Plateruenean. Gizonetan aurrenekoz antolatuko dutela da nobedade nagusia. Bost euskal talderik onenak hartzen ditu txapelketak, gaur egun Espainiar Estatuko liga profesionalean dabiltzanak, hain zuzen. Euren artean jokatzen dituzten derbiak hartzen dira kontutan. Lehen Itzuliko derbi denak joan direnean, Athletic da sailkapeneko liderra (bi garaipen, bi berdinketa eta zortzi puntu) eta Erreala bigarrena (bi garaipen eta sei puntu). Bigarren Itzuliko derbien ostean aurreneko bi tokietan geratzen diren taldeek jokatuko dute finala abuztuan.

Jose Angel Iribar eta Mikel Etxarri (Euskal Selekzioko hautatzaileak), Mikel Troitiño (Euskal Herria Kirola), Inaxio Kortabarria (Errealeko jokalari ohia), Koikili Lertxundi (Athleticeko jokalari ohia) eta Oskar Artetxe (Eibar taldeko jokalari ohia) batu ditu gizonen txapelketako aurkezpenak.

Emakumeen txapelketak zazpigarren aldia izango du aurten. Iaz Athletic eta Errealak jokatu zuten finala. Aurten, bi talde horiekin batera, Ipar Euskal Herriko Genet (Angelu), Nafarroako Mulier, Gasteizko Aurrera eta Gipuzkoako Oiartzun taldeek jokatuko dute txapelketa. Gaurko aurkezpen ekitaldira Athleticeko Iraia Iturregi, Errealeko Aintzane Encinas eta Oiartzungo Anne Mugarza etorri dira.

Euskal Herria Kirolak elkarteak antolatzen ditu txapelketa biak. Euskal Herriaren eremuan kirol guztietako ligak, kopak eta txapelketak antolatzea eta euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko jarduera irmoa garatzea ditu helburu, besteak beste.

Arlo askotan txapeldunak diren euskal kirolari asko batu ditu gaurko ekitaldiak: Aitzol Atutxa aizkolaria, Inhar Urruzuno harri-jasotzailea eta  lokotx bilketan aritzen den Zuriñe Frutos, esaterako. Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak ere izan dira. Euskal selekzioa ordezkatuz urrezko domina bat irabazi duten aurrenekoak dira Gaztediko sokatiralariak.  Iñaki Perurena izan da beste gonbidatuetako bat. “Lehengo baten irakurri nuen esaldi bat gogora ekarri nahi dut: ‘Eman diezaiogun hatsa inork ez dezan esan hemen herri bat bazen’. Uste dut denok bildu garela gure herriari hatsa emateko eta oihukatu behar diogula  munduari gure herria bizi dela eta bizi nahi duela. Horretan jarraitu beharrra daukagu”, adierazi du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!