‘Jainko Basatia’-ren euskarazko moldaketa estreinatuko dute San Agustinen

Anboto 2017ko urt. 11a, 16:00

Antzezlan arrakastatsua euskaraz ikusteko aukera izango da domeka honetan, 19:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean.

Txalo Produkzioaren eskutik obra honen euskarazko bertsioa Durangoko eszenatokian ikusteko aukera izango da lehen aldiz. “Estreinatzeko tokirik egokiena iruditzen zitzaigun. Durango herri garrantzitsua da, eta horregatik, antzezlana aurkezteko eta oihartzun handia izateko, plaza egokia iruditzen zitzaigun”, azaldu du Xabier Agirre antzezlaneko produktoreak.

Jainko Basatia komedia dramatiko bat da. Bikote ezkondu bi beraien semeen arteko liskarrak konpontzeko asmotan elkartzen dira. Bikote baten semeak bestearenari eraso egin dio eta arazoak konpontzeko egiten duten bileran pertsonaia guztien miseria eta frustrazio denak azaleratuko dira. “Testu originalean oinarritu gara eta soilik izenak edo entseguetan beharrezkoak ikusi ditugun gauza zehatz batzuk aldatu ditugu”, azaldu du produktoreak.

Begoña Bilbaok zuzentzen duen antzezlan honetan, Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi eta Andoni Agirregomezkorta aktore ezagunek laukote protagonista interpretatzen dute.

Jainko Basatia Yasmina Rezak 2007an idatzitako obra arrakastatsua da. Frantzian kritika onak jaso ondoren, munduko hainbat tokitan ere interpretatu da. “Testu oso ezaguna da, estatuan ere arrakastaz egin da, eta Roman Polanskik 2011n egin zuen zinemarako bertsioak ere oso harrera ona izan zuen. Beraz, esperantza handia daukagu ondo joateko”, dio Agirrek. San Agustineko emanaldirako sarrerak 10 eurotan daude salgai.

Estreinaldiaren ondoren, bira luzea egingo dute. Euskal Herriko hainbat herritan antzeztuko dute, maiatzera bitartean. Guztira, hogeita hamar bat emanaldi eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!