Mendiola: “Proiektu berri honetara ahalik eta euskaltzalerik gehien batzea da helburua”

Aitziber Basauri 2016ko abe. 26a, 10:00
Miren Manzisidor eta Gaizka Mendiola

Berbarok txokoa itxi behar izan du aurten. 20 urtetik gora dira zabaldu zela, eta 150 bazkide izan ditu. Orain proiektu berri bati ekin diote Berbaroren txokoko bazkideetako batzuek, Kurutziagan. Horietako bat da Gaizka Mendiola Agirre (1978). Miren Manzisidor Mugerza (1983), berriz, orain batu da txokoen mundu honetara.

Zerk eraman zaituzte proiektu berri honetara?
Gaizka Mendiola:  Berbaroren txokoaren azkenak heldu zirenean, aukera berriak aztertzea planteatu genuen bazkideetariko batzuek. Aurretik txokoan izandako bizipenetan oinarrituta ekin diogu. Emozioen aldetik ere ukitu egin gintuen. Talde dinamikari, jende modu bati erantzun guran ekin diogu, bestela galdu egingo litzatekeelako.  

Berbarok ere parte hartuko du?
G. M.:  Bai, baina, Berbarokide ez diren euskaltzaleek ere parte hartu dezakete proiektu honetan. Euskaltzaleen topagunea, elkargunea izatea da asmoa.

Txoko batera lehenengoz batu zara, MIren. Zerk animatu zaitu?
Miren Manzisidor:  Aspalditik izan dut txokoren batean bazkide izateko gogoa. Aukera hau etorri zait lagun batzuen bitartez, eta aukera ona iruditu zait. Are gehiago, euskal munduagaz lotutako txokoa izanda.

Zer ekarpen nabarmenduko zenituzke zuk, Miren?
M.M.: Lagunekin, familiakoekin batzeko aukera ematen du, bazkariak antolatzeko. Gainera, ni oso zalea naiz horretara. Etxean barik, txokoan elkartzeko aukera izango dut.

Berbaroren txokoko bazkide izan zara, Gaizka, urteetan…  Zer bizipen izan dituzu?
G.M.: Gauza asko pasatu izan dira txoko horretan.  Bizipen asko izan ditugu.  Gure koadrila edo lagun taldearen lekutxoa, gure txokoa, izan da Berbaroren txokoa. Sorreran ez, baina urteetan izan naiz bazkide. Hala ere, aurretik eta hainbat bider elkartu gara bertan lagunen baten bitartez.

Zenbat bazkide zaudete dagoeneko?
G.M.: Proiektu honetan, momentuz, 32 bazkide gaude sartuta, eta aurrera egin dezan, gutxienez, 50 batzea da asmoa. Hurrengo asteetan gutxieneko kopuru hori lortzea gura genuke. Hala ere, proiektu berri honetara ahalik eta euskaltzalerik gehien batzea da helburua. Gugana jo dezake parte hartu gura duenak edo txokoa@berbaro.eus posta elektronikora mezua bidali. Berbarora ere deitu daiteke.
M.M.: Txoko batean bazkide izateko aukera oso ona da, ekonomikoki arrazoizko aukera. Izan ere, askotan txoko bateko kide izatea dirutza da, eta jabetzan izaten da. Bestelako aukera da hau. Jende berria ezagutzeko aukera ematen du.

Euskaldunok mahai baten bueltan hartzen omen ditugu erabaki inportanteak. Ados zaudete horregaz?
M.M.: Egia da txokoak beti izan direla euskaldunon bilgune bat, ezta? Jatekoa behar dugu beti!  
G.M.: Jatekorik eta edatekorik ez badago, ze erabaki mota hartu daiteke, ba? (barrez).

Txokoetan batzeko ohitura handia dago gurean?
M.M.: Bai, ohitura handia dago. Talde guztietan dago txokoren bateko kide den norbait. Nire inguruan agerikoa da; koadrilan bizpahiru dira txoko bateko bazkide.
G.M.: Taberna edo jatetxeetan sortu ezin diren egoerak sortzen dira txokoetan. Afalosteko mahai-ingururako biderik ez du ematen jatetxeak. Txoko batek afalosteko kantua ematen dizu, adibidez. Afalostea luzatzeko aukera.

Janaria prestatzen trebeak zarete? Etxean baino gehiago kozinatzen dugu txokoan?
M.M.: Ez!
G.M.: Egia esan, ez naiz oso trebea, ez! Baina, era batera edo bestera, konpontzen gara. Etxean egunero kozinatzen dut. Hala ere, hor be askorik ez!

Zein da gustukuen duzuen platera?
M.M.: Edozer da ona txoko batean jateko (barrez).
G.M.: Masailak egin nituen astelehenean, eta onak zeunden.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!