Barton Films taldeak ekoitziriko animazio lana estreinatuko dute gaur. “Gabonetako istorio urbanoa da. Gure gaur egungo umeek Gabonetako jeinu ezberdinei eskatzen dizkiete opariak eta bizi duten egoera horri lotutako istorioa kontatu nahi genuen”, azaldu du gidoilari durangarrak.
Gabonetako jeinuen foroak Monopolish jeinua botatzea erabaki zuen Gabonetako jeinu bakarra izan nahi zuelako. Mendeetan zehar Monopolish gizakien artean ezkutaturik bizi izan da eta mendeku plana prestatzen ari da jeinu bakarra bihurtzeko. Jeinuek Gabonak defendatzeko Pixi Post elfo gaztea aukeratzen dute.
Edorta Barruetabeña durangarrak esperientzia luzea dauka animazio filmen gidoiak idazten, eta bertan, hainbat balore transmititzen ditu. “Globalizazioaren ondorioz kultura batzuk besteen lekua hartzen dute. Pelikula honetan aniztasuna aberasgarria dela eta gauzak egiteko modu bakarra inposatu nahi dutenei aurre egin behar diegula planteatzen dugu”.
Euskal Herriko hamar zinema aretotan estreinatuko da eta estatuko hogeita hamar inguruk eskainiko dute Pixi Post eta opari-emaileak, “Eskari handia izan dugu estatuan eta oso pozik gaude”, aitortu du Barrietabeñak.