Fumbarrik isurtzen duen keaz kezkatuta daudela esan dute, nahiz eta kutsadura mailaren neurririk eduki ez. Gainera, galdategian egun batzuetan goizeko 07:00etan zein gaueko 23:00etan zarata ateratzen dutela kritikatu dute. Azken urtetan auzoa handitu dela eta enpresa inguruan etxeak daudela gogoratu dute. "Amilibia ere herri erdian zegoen, eta topatu zitzaion soluzioa", esan du Eugenio Gorroñok.
Saihesbide ingurua garbitzeko auzolanaren harira, gazte batzuek iniziatiba hartu dutela esan dute Herria eta Aramotzekoek, eta ekintzek Gabonen ostean jarraituko dutela, deialdi zabalak eginez. Inguruak garbitzea exijitu diote udalari eta Aldundiari -errepidea Aldundiaren eskumenekoa da-. "Aldundiko norbaitek hemen etxea edukiko balu, hau ez litzateke horrela egongo", kritikatu du Gorroñok. Bestalde, erreka bideratzeko egindako lanen eraginez, putzuak eta hezetasunak sortzen direla azaldu du Periko Varelak.
Auzoan txaboletan ere bizi da jende bat duela 8 urtetik hona, eta horrek konponbide bat behar duela uste dute, Txema Belarren esanetan.
Udalaren azterketa
San Fauston egin lez, udala auzoa eraberritzeko azterketa garatzen dabil, irisgarritasuna, energia edota hezetasunen gaiak hobetzeko asmoz. Auzotarrak azterketa horretan parte hartzera gonbidatu dituzte prentsaurrekoa eman dutenek, eta inbertsioren bat egin behar bada, bizilagun guztiek batera egitea gura dute.
Katastroaren aldaketaz
Bestalde, Aldundiak katastroan egindako balio aldaketa aipagai izan dute. Ez daude ados, eta udalean mozio bat sartu dute San Fausto eta Alde Zaharrekoekin batera, herrialdeko instituzioak balioak alda ditzan eskatzeko. Ohartarazi dute Aramotzeko metro karratua 869 eurotan zenbatu duela Aldundiak, Ezkurdin 749 eurotan ezarri duen bitartean. Euren ustez horrek "ez du logikarik". Gainera, Aramotzeko etxeak erreka gainean eraikita daudenez, lur horietan ezin dela berriro eraiki azaldu dute, eta horregatik, lurraren balioa txikia dela. Babes ofizialeko etxeetan, metro karratuaren balioa 310 eurotan ezarri da, eta Aramotzekoa horregaz alderatzea eskatu dute, Ezkurdigaz barik.