Iglesias: “Ondo joan denean inor ez da akordatzen; txarto joan bada teknikaria da erruduna”

Aitziber Basauri 2016ko abe. 20a, 10:35
Igor Iglesias Moreno, Soinu teknikaria Plateruena kafe antzokian. (Durango, 1989)

‘MobyDick’ obraren biran lanean ari da Gorakadagaz Plateruenean soinu teknikaria dena, eta Zain taldeagaz diskoa grabatzen ere badabil. Udan, berriz, Iruñeko Belice eta Leihotikan taldeekin ibiltzea du aurreikusita. Zazpi urte dira San Agustinen teknikari hasi zela, eta gelditu gabe dabil.

Soinu-mahaia erabiltzeak denbora eta praktika behar du?
Hasi aurretik, nola erabili jakin behar da. Oinarri bat beharrezkoa da. Hala ere, oinarrizko lauzpabost gauza jakinda, edonork egin dezake. Nik egiten badut ... (barrez).

Soinu ona lortzeko sekreturik badago?
Kontzertua, irratsaioa, antzerkia... esparru asko daude. Lehenengo eta behin, zer egin behar dugun jakin behar da, eta ezinbestekoa da kalitatezko lehengaia —artista, musikaria, esataria....— izatea. Mikrofonoari bolumena eman arren, abeslariak abesten ez badu...

Gerta daiteke lehengai ona izan eta soinu teknikariaren eraginez oso txarto entzutea?
Bai horixe! Hala ere, ­—eta ez diot ardura inori leporatu gura— oinarrizko ezagutza edukita, eta lanean arduratsua izanda, soinua erraz ateratzen da aurrera. Lana ondo egin gura izatea ere oso garrantzitsua da, are gehiago horrek askorengan eragiten badu: entzulearengan, artistarengan...

Arlo asko hartu arren kontzertuekin lotzen dugu soinua?
Bai. Egia da horrek duela konplexutasun gehien. Mikrofono asko egon daitezke: bateria, baxuak, gitarra, trikitia... denei soinua jartzea zailagoa da, adibidez, irratian aritzea baino.

Badago musika tresnaren bat besteak baino zailagoa soinua jartzeko orduan?
Trikitiari, laudari edo soka askodun gitarreri soinua jartzea delikatua da; harpa bati, adibidez. Gitarra elektriko bat edo bateria bat baino gehiago landu behar dira. Abesbatza handi bati soinua jartzea ere ez da erraza. Eta antzezpen batean mikrofonoak desagerrarazi behar ditugu. Soinua anplifikatu behar da, baina, mikrofonoaren soinu hori izan gabe. Mikrofonoa dagoen ala ez dudan jartzera heltzea zaila da.

Belarri fina behar da?
Musikaltasun pixka bat behar da; ondo entzuten den ala ez antzematea. Hala ere, entzumena trebatu, hezi egin behar da. Soinuak erakartzen ninduen arren, nik neuk ere ez nuen trebeziarik, abilidaderik hasi nintzenean. Oinarri bat izanda, ikasten zoaz. Musika tresna asko entzunez, ariketa asko eginda, entzumena trebatuz doa. Belarria trebatu egiten den instrumentua da.

Belarria trebatzen erakutsiko duzu ikastaroan?
Soinu arloan oinarrizko nozio bat ematea da helburua: elkarte batean soinu ekipo bat izanik, hori nola erabili; edo bertso eskola batean soinua nola anplifikatu erakutsi. Uste baino gehiagotan gertatzen dira halakoak. Praktikak ere egingo dira.

Ezinbestekoa da zuen lana?
Garrantzitsua da, baina ezinbestekoa ez. Artista da protagonista eta teknikariok euskarria eman behar diogu. Itzelezko kontzertua eskaini daiteke soinu-teknikari bat gabe. Baina, baldintzak ez dira berdinak areto batean edo kalean. Giroa ez da berdina, eta soinu teknikariak asko lagundu dezake. Bestalde, egia da dena ondo joan denean inor ez dela gure lanaz  akordatzen. Aldiz, txarto joan bada, teknikaria da erruduna.

Esker txarreko lana...
Baina oso atsegingarria, motibagarria. Egun on batek bost txar konpentsatzen ditu. Baina, gustatu egin behar zaizu, zure tokia zein den jakin behar duzu.

Oholtza gainean ibili zara zu.
Namek Planet taldean (Elorrio) aritu nintzen. Oso ondo pasatu nuen. Disko bat ere atera genuen, neuk grabatuta. Horrek, beste aldean jartzeko gaitasuna ere eman dit. Baina, lehiaketa bat irabazi ostean, BBK Live jaialdian jo genuenekoa inflexio-puntua izan nuen. Jotzen nengoen, baina soinuari adi. Asko gustatzen zait gitarra, eta  musika, baina etxera heltzean isiltasuna gura dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!